Larunbatean, otsailaren 24an, “Shine” dantza ikuskizuna Amaia KZra iritsiko da. Emanaldia joan den azaroan estreinatu zen Donostian Victoria Eugenia antzokian, sarrera guztiak agortu eta ikusleen txalo zaparrada luzearen artean. 19:00etan hasiko den dantza emanaldiaz gain, dantza tailerra ere egingo da.
“Nola egin dezakegu distira jada gure buruarengan sinesten ez badugu?”: horixe da dantza ikuskizun honek planteatzen duen hausnarketa. Judith Argomanizek zuzendu du, LASALA antzerki konpainia entzutetsuko zuzendariak, eta gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epe laburtasuna eta ihesbidearen bilaketa etengabea lantzen ditu. Behin emanaldia bukatuta, nahi duten ikusleek sorkuntza koreografikoaren inguruko gaiez hitz egin ahalko dute zuzendariarekin, Amaia KZn bertan.
Sarrerak Amaia KZko webgunean eskuratu daitezke , baita aurrez aurre ere, Luis Marianoko turismo bulegoan. Hitzordua baino ordubete lehenagotik, Amaia KZko bertako txarteldegian, tokirik badago betiere.
Dantza tailerra eta bi sarrera baten prezioan
Ikuskizunaren aurretik, beste jarduera batzuk izango dira, hala nola doako dantza tailer bat, ikuskizunaren egunean bertan, 12:30etik 14:00etara bitartean, Amaia KZn : ikuspuntu ludiko batetik, parte hartzaileek askotariko tekniken bidez gozatuko dute dantzaz, hala nola gorputzaren kontzientziaren, espazioko eboluzioaren eta musika eta erritmoaren arteko harremanaren bitartez. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta ez da beharrezkoa esperientziarik izan dezaten aurrez.
Toki kopurua mugatuta egongo da, eta, hortaz, parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute, ostiraleko 14:00etarako, Udalaren webgunean. Gainera, izena ematen dutenek ikuskizunerako bi sarrera baten prezioan erosi ahalko dituzte.
Haur txoko zerbitzua
Ikuskizunaren egunean, ludoteka zerbitzua emango da, Erdialdeko haur txokoan (Gipuzkoa hiribideko 8 zenbakian), 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzat, 18:45etik aurrera, dantza ikuskizunaz gozatu nahi duten guraso eta tutoreak lasai egon ahal izan daitezen. Zerbitzua doakoa izango da erabat.
Ludoteka zerbitzua eskatu nahi dutenek erreserbatu egin beharko dute, ostiraleko 14:00etarako, Udalaren webgunean. Edonola ere, epez kanpo ere kontsultatu ahalko da tokirik dagoen, 636 994 688 telefono zenbakira deituta.