Belartzako aparkalekua eraikitzeko obren esleipena onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak

Belartzako aparkaleku estalia eraikitzeko obren esleipena onetsi du Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrela, proiektu honi esker Artia auzoaren hainbat behar beteko dira: hirian egoteko espazio gehiago sortzea eta aparkatzeko gehiago sortzea.

Gaur egun, 1.100 m2 inguruko orubea du auzoak, eta parke txiki bat eta 47 ibilgailurentzako aparkalekua daude bertan, baina hori ez da nahikoa. Lanak Parking Belartza ABEE enpresari esleitu zaizkio. Aurrekontua: 5.936.230,15 eurokoa da, BEZa barne, eta egikaritze-epea 23 hilabetekoa.

Cristina Laborda alkatea prentsaurrekoan agertu da gaur goizean, lortutako akordioaren berri emateko. Alkateak esan duenez, “Artia auzoak behar handia zuen horrelako jarduketa bat egiteko, eta alde horretatik, erabilera anitzeko ekipamendu bat egingo da, inguruko aparkaleku-arazoei irtenbide bat emateko, eta espazioak ere eskainiko ditu elkartzeko, aisialdirako, kirolerako eta egonaldirako. Auzotarren bizi-kalitatea hobetzea da helburua, eta hori lortzeko bide onean gaude jarduketa honekin”.

Belartzaren etorkizuna

Obrak izango dira aparkaleku estali bat egitea eta haren estalkia urbanizatzea jolas- eta kirol-erabileretarako, parkea eremu publiko gisa hegalera luzatuta Berroeta pintorea, Zurbaran eta Pio Baroja kaleen artean.

Hiru solairuko parking bat izango da: lurpean bi solairu, eta hirugarrena, Belartzako hegaleko desnibelean. Partzela osoan hiru altuerako aparkalekua eginda, aparkatzeko 169 toki egin daitezke: 69 toki -2 solairuan, 67 toki -1 solairuan, 33 toki, sarrerako solairuan, 8 toki, motoak aparkatzeko, 2 gela, bizikletak aparkatzeko eta mantentze- eta instalazio-gelak solairuetan.

Aparkalekurako sarbidea Berroeta pintorea kaletik proiektatuko da, eta irteera Zurbaran kaletik izango da. Horrela, Irungo nahiz Irundik kanpoko norabide gehienetan mugimendua arinagoa izango da, erosoagoa eta berehalakoagoa izango baita.

Barne-zirkulazioa norabide bakarreko bideetan egingo da, horrela azaleraren proportzioa optimizatu egiten baita aparkatzeko tokietarako eta bide-sistemarako. Aparkatzeko tokien zabalera 2,60 m-tik 2,55 m-ra bitartekoa da zutabe-albotik, mugikortasun gutxituen kasurako izan ezik, kasu horretan 3,60 m-tik gorakoak baitira, eta alboko itxituraren ondokoak 2,80 m-tik gorakoak.

Bi gune sortuko dira, oinezkoak lurpeko aparkalekura sartzeko eta handik ateratzeko, eraikin eta saltoki gehien dauden lekuetatik gertu, partzelaren perimetroan eta haren bi muturretan. Igogailu bat instalatzea ere aurreikusten da, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko.

Estalki gaineko eremua bi zatitan banatuko da, kota desberdinetan. Estalki osoa aisialdirako erabiliko da, eta, bertan, hainbat gune sortu ahalko dira, hala nola haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak (saskibaloi-kantxak, erabilera anitzeko guneak, ping-pongerako mahaiak, parke bio-osasungarriak…). Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea ere luzatu egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude