Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa martxan jarri du Irungo Udalak

Bigarren aldiz antolatu du Irungo Udalak Beldur Barik ikus-entzunezkoen sorkuntza lehiaketa. Maila autonomikoan sortu zen ekimena, baina herriz-herri ere egiten dute orain. Nerabeei zuzendutako lehiaketa da: 12 eta 17 urte arteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. Irunen erroldatutako gazteak izan beharko dira, edo Irunen eskolaratuak, behintzat. Helburu bikoitza du Beldur Barik-ek. Nagusia, berdintasunaren aldeko jarrerak sustatzea, eta emakumeen kontrako indarkeria salatzea. Bide batez, gaztetxoen sorkuntzari bultzada emateko tresna ere bada lehiaketa.

beldurbarik2

Ikus-entzunezko formatuan egindako edozein lan artistiko aurkeztu ahal izango dute parte hartzaileek: Ideia batzuk eman dituzte: flashmob-ak, kamerari esandako testuak, bideoklipak, argazkiak, animazioa, lipdub-ak, dantzak, film laburrak… Denak onartuko dituzte. Iraupenaren aldetik, berriz, muga jarri dute: bost minutuko lanak izango dira gehienez. Bideoen kalitate teknikoa edo artistikoa baloratuko ditu epaimahaiak, baina batez ere, mezuan jarriko du arreta. Kontuan hartzeko gakoak eman ditu Aitziber Iratzoki Irun Beldur Barik lehiaketako koordinatzaileak: “Mezuaren kalitatea, eta hausnarketa eta eztabaida sor-tzeko duen gaitasuna kontuan hartuko ditu epaimahaiak: emakumeen ahaldun-tzea, eta gizonen ardura indarkeria matxistarekin bukatzeko”.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 20an amaituko da. Proiektu guztiak Youtube edo Vimeo plataformetara igo beharko dituzte parte hartzaileek. Gero, beldurbarik@irun.org helbide elektronikora bidaliko dituzte estekak. Maila autonomikoko lehiaketan parte hartzeko aukera ere badago. Horretarako, jarrera@beldurbarik.org helbidera ere bidali beharko dituzte estekak. Proiektuak bakarka, taldeka edo zentro baten izenean aurkeztu daitezke. Pizgarri modura, saria behar izaten dute nerabeek lehiaketetan parte har-tzeko. Irungo Udalak 300 euroko erosketa txartela emango dio lanik onenari. “Saritik harago, garrantzitsuena da parte hartzea, azken batean denok irabazten baitugu”, adierazi du, hala ere, Josune Gomez Irungo Udaleko Euskara eta Gazteria ordezkariak.
Gazteak ahalduntzearen garrantzia
Irungo gazteak ekimenaren parte senti daitezen nahi lukeela baieztatu du Josune Gomezek: “Tamalez, berri txarrak entzuten ditugu gaur egun. Horregatik, ahal dugun neurrian, indarkeria desagerrarazteko ahalegina egin behar dugu”. Gizarte Ongizatea da lehiaketa antolatu duen beste departamentua. Sergio Corchón ordezkariak xehetasun gehiago eman ditu Beldur Barik-en helburuaren inguruan: “Gazteen ahalduntzea landu behar dugu, indarkeria matxista salatzeko aurrera pausoa eman dezaten”. Egoera eta ideia asko landu daitezke bideotan. Corchónek bat azpimarratu du, lehiaketaren izenburuak biltzen duena: “Ez da beldurrik eduki behar”.

beldur barik

Irungo Udalak kontuan hartu du 12-17 urte arteko gazte gehienek ez dutela ikus-entzunezkoei buruzko ezagutza handirik. Horregatik, sorkuntza-tailerra antolatu du, azaroaren 3an eta 4an Martindozenea Gaztelekuan. “Artisten eta adituen laguntza jaso dute tailerretan”, azaldu du Josune Gomezek. Ikus-entzunezkoei eta sorkuntzaren urrats guztiei buruzko aholkularitza jaso dute parte hartu duten gazteek. Baliagarri izango zaizkie ezagutzak Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko.

3 thoughts on “Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa martxan jarri du Irungo Udalak

  1. Beldur ‘barik’???
    Mendebaldeko euskalkietako ‘barik’ (gabe) hori zer dela eta ekarri digute Irunera? ‘Cool’-ago delakoan, exotikoagoa? Hurrengoan zer izango da, ‘Ongi etorri’ beharrean ‘Onki xin’ erronkarierazkoa Irungo Udalaren kanpainetan txertatzea?

    Urrutiko euskal formen lilura (‘barik’, ‘ostean’, ‘amatatu’ -J.M. Castilloren liburu baterako Udalaren Euskara Zerbitzuak egindako itzulpen batean ‘amatatu’ sartu zuten ‘itzali’ beharrean-, ‘amaitu’, ‘jaramon’, ‘irten’…) eta bertakoen ahanztura (‘kiderra’, ‘laja(tu)’, ‘heia’, ‘kisua’, ‘maraguria’…). Hara, ez dut deus gure herri nahiz eskualdetik kanpoko forma horien kontra, baina irundarrontzako kanpainetan, argitalpenetan, adierazpenetan eta komunikabideetan tokian tokikoa hobe, ezta?

    Gero harrituko gara gure zaharrek euskara batuarekiko halako mesfidantza edo zailtasunak izatea eta seme-alabekin nahiz ilobekin euskaraz ezin moldatu ibilki direlako.

  2. Bertako euskararen ezagutza ezaren edo ezagutza kaxkarraren ajeak…

    Halare, inoiz ez da berandu bertako altxorra ezagutzeko eta erabiltzeko!

Utzi erantzuna Irun-za(ha)r-berria(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude