Txingudi Ikastolako kirol gunea estaltzeko proiektua izan da bozkatuena aurrekontu parte hartzaileetan

Amaitu da aurrekontu parte hartzaileetako azken bozketa. Bileretan eta web gunean proposatutako proiektuak bozkatu dituzte irundarrek, azaroaren 6tik 13ra. Aurrekontu parte hartzaileen atal orokorrean, Txingudi Ikastolako kirol gunea estaltzeko proposamenak irabazi du bozketa, 1.925 botorekin. 250.000 euroko kostua izan dezakeela aurreikusi dute. Bigarrena Artiako futbol zelaiko harmailak estaltzeko proiektua izan da (1.809 boto eta 400.000 euroko kostua), eta hirugarrena, Behobiako “Goardia Kidegoa” eraikina eraberritzekoa (1715 boto eta 490.000 euroko kostua). 25.476 boto jaso dituzte guztira bozketa orokorrean.
Gazteen atalean, haurrentzat eta gazteentzat ekintzak antolatzen dituzten gazte taldeei diru laguntzak emateko proposamena izan da bozkatuena. 128 boto jaso ditu, eta 20.000 euro bideratuko dituztela aurreikusi dute. Tokiko enpresei diru-laguntzak ematea eskatu dute hurrengo proposamenean, enpresa horiek Irungo gazteak kontrata ditzaten (97 boto eta 30.000 euroko kostua). Hirugarren tokian gelditu da sanmartzialetan Gazte Gunea sortzeko proiektua (88 boto, 30.000 euroko kostua). Parte hartzea askoz apalagoa izan da gazteen artean. 879 boto jaso dituzte guztira.

SONY DSC
Bigarren esperientzia
Bigarren aldiz antolatu du Irungo Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua. 65 milioi euroko aurrekontu osotik, 1,5 milioi bideratu ditu prozesura, horietatik 200.000 euro, gazteei zuzendutako atal espezifikora. 2014an bezala, Innova Genio enpresak kudeatu du prozesua. Ekimenaren eskema orokorra mantendu dute, baina zenbait aldaketa egin dituzte. Nabarmenena, aurrez-aurreko bileren kopurua bostetik hirura murriztea. Hiru fase izan ditu prozesuak.
Lehen fasean proposamenak egin dituzte hiritarrek, web gunearen bidez edo udalak antolatutako bileretan. Urriaren 7an Leka Enea eskolan egin dute, urriaren 14an Luis Marianoko gizarte zentroan, eta urriaren 21ean Urdanibia plazako Ospitale Zaharrean. Hiritarrek bilera guztietan parte hartu ahal izan dute, baina behin bakarrik eman diete bozkatzeko aukera. Ateratako proposamenak aztertu ondoren, udalak batzuk baztertu ditu, baldintzak betetzen ez zituztelako.
Onartutako proposamenen artean, aurre-bozketa egin dute hiritarrek, urriaren 26tik 29ra. Guztira 48 proposamen pasa dira azken bozketara, 12 bilera bakoitzetik, eta beste 12 web gunetik. Azken faseari hasiera eman aurretik, bilera informatzailea antolatu dute, azaroaren 5ean, Carlos Blanco Aguinaga kultur gunean. Azken bozketa azaroaren 6tik 13ra egin dute. 16 urtetik gorako irundarrek eman ahal izan dute botoa, www.irun.org/presupuestosparticipativos web gunean, Irun Txartelaren edo NANaren bidez.
Gazteen aurrekontu parte hartzaileei dagokienez, internet bidezko prozesua izan da, hasieratik bukaerara. Urriaren 7tik 12ra proposamenak jaso dituzte, eta azken bozketa azaroaren 6tik 13ra egin dute. 16 eta 30 urte arteko gazteek parte hartu ahal izan dute. 200.000 euro jarri ditu Udalak gazteen erabakiaren esku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude