Beldur Barik programako lehiaketan izena eman daiteke

Indarkeriari eta jarrera matxistei nola aurre egiten dieten azaldu beharko dute gazteek.

Azaroak 13ra arte zabalik dago Beldur Barik programako bideo lehiaketako izen-ematea. 12 eta 26 urte arteko nerabeei eta gazteei zuzendutako ekimena da. Edozein lan artistiko aurkez dezakete, ikus-entzunezko formatuan, www.beldurbarik.org web gunean. EAE mailan aurrera eramaten den programa batean kokatzen da Irungo lehiaketa.

Bi kategoria egongo dira, 12 eta 17 urte arteko nerabeena, eta 18 eta 26 urte arteko gazteena. Kategoria bakoitzeko irabazleak 300 euro jasoko ditu, kirol materialean, liburuetan, diskoetan edo informatika materialean gastatzeko. Azaroaren 24an emango dute irabazleen berri, eta sarien banaketa hurrengo egunean izango da, Amaia Kultur Zentroan. “Berdintasun ezari eta indarkeria sexistari haien egunerokoan nola aurre egiten dieten azaldu dezaten nahi genuke”, adierazi du Sergio Corchón Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak.

“Oso garrantzitsua da gazteak inplikatzea, gure gizartean oinarrizkoak eta beharrezkoak diren balioak barnera ditzaten”
Sergio Corchón, Gizarte Ongizatea arloko ordezkaria

Izan ere, lanen kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko du epai-mahaiak: hausnarketa eta eztabaida pizteko gaitasuna, nesken ahalduntzearen eta mutilen ardura hartzearen ikuspuntutik. “Oso garrantzitsua da gazteak inplikatzea, gure gizartean oinarrizkoak eta beharrezkoak diren balioak barnera ditzaten”, aipatu du Corchónek. Bakarka, taldeka, edo ikasgelen edo ikastetxeen izenean aurkez daitezke lanak.

Beldur Barik tailerrak ere egongo dira

Programa beraren baitan, Beldur Barik tailerrak egongo dira, lehen aldiz Irunen. DBHko 2.mailako gazteei zuzendutako tailerrak dira. Ikastetxe bakoitzean, hiru orduko sesioak egingo dituzte ikasgela bakoitzeko. Izen-emate epea amaituta, bost dira parte hartuko duten ikastetxeak: San Vicente de Paul, Eguzkitza, Hirubide eta Toki Alai. 368 neska-mutil izango dira parte hartzaileak, guztira. Urrian, azaroan eta abenduan burutuko dituzte tailerrak.

Matxismo sotilagoa eta indarkeria sinbolikoa identifikatuko dituzte”
Joana Regueiro, Gizarte Ongizatea arloko teknikaria

Ianire Estebanez eta Estibaliz Linares psikologoek zuzenduko dituzte saioak. Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan espezialistak dira, gazteekin formazio eta sentsibilizazio jarduerak egiten esperientzia handia dutenak. Errespetua eta tolerantzia sustatzea, eta estereotipo sexisten eta indarkeria matxisten aurreko jarrera kritikoa bultzatzea izango dute helburu. Joana Regueiro Gizarte Ongizatea arloko teknikariak azpimarratu du mikromatxismoetan jarriko dutela arreta berezia: “Matxismo sotilagoa eta indarkeria sinbolikoa identifikatuko dituzte”. Neskak ahalduntzeko eta mutilen “korporatibismo maskulinoa”rekin apurtzeko lan egingo dutela erantsi du Regueirok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude