Covid-19 pandemiaren ondoriozko osasun krisialdiari aurre egiteko deklaratutako alarma egoera dela-eta, Oiasso Erromatar Museoak jakinarazi du luzatu egin dela Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XX. ediziorako filmak aurkezteko epea. Berez, gaur bukatzen zen, hilak 15, baina, egungo zirkunstantziak kontuan izanik, luzatu egin da, ezer berririk jakinarazi bitartean. Oinarriek diotenez, aurten, azaroaren 16tik 21era bitartean egitekoa da zinemaldia.
Museoen hilabetea
Internet bidez eskaintzen ari den jardueren esparruan, maiatza museoen hilabetea dela gogoan, Oiasso Museoak Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan parte hartu duten filmak berrestreinatzeko ziklo bat proposatzen du. Emanaldi guztiak doakoak dira, eta Museoak YouTuben duen kanalean ikus daitezke, ostegun bakoitzetik aurrera.
Bestalde, maiatzaren 18a Museoen Eguna dela-eta, Oiasso Museoa webguneko eta sare sozialetako (Facebook, Youtube, Twitter eta Instagram) jarduna areagotzen ari da. Horrela, maiatzaren 9tik, Ama Xantalen ermitari buruzko eduki gehigarriak eskuratu daitezke Museoaren webgunean, gure ondarearen barruko elementu esanguratsu hori Internet bidez bisitatzeko. Gainera, beste urte batez, Museumweek ekimenarekin bat egin du irundar museoak: sare sozialetan antolatzen den kultur jaialdi bat da Museumweek, eta nazioarteko arte, arkeologia eta zientzia museo aipagarrienetako batzuekin harremanetan jartzeko eta berauetan sartzeko aukera ematen du. Bada, Oiasso Museoak gure kultur ondareari buruzko jarduera eta argitalpenak proposatuko ditu, “7 egun, 7 gai, 7 hashtag” kanpainaren barruan.