Irungo Artxiboan 1920. urteko maiatzeko aldizkaririk topatzeko ezintasunaren aurrean, 1918 urteko hilabete berean argitaratutako aldizkaria aproposa izan daiteke duela 100 urteko Irungo bizimodua irudikatzeko. Zehazki, 1918ko maiatzaren 19an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariko idatzi gehienetan Real Union taldea da protagonista Espainiako Erregearen Kopa irabazi ostean. Aldizkariaren lehen artikuluetan “El Bidasoako” hedabideko ohiko kolaboratzaileek Real Unioneko jokalariek Madrilen erakutsitako nagusitasuna goraipatzen dute hitz dotore eta olerki artean. Hurrengo erreportajeen bitartez, berriz, titulua lortu aurretik jokalariek lortutako garaipen eta garaitutako etsaien xehetasunak azaltzen dira. Era berean, futbolarien itzulera eta hirian garaipena ospatzeko antolatutako ekitaldien berri ematen da, horrela, aldizkaria osatzen duten orrialdeen erdia betez.
“Alfilerazos” atalean, berriz, garaipenaren inguruan beste komunikabideetan argitaratutako kritiken inguruko iritzia ematen dute hedabideko kazetariek. Jarraian Elizondoko musika bandaren hurrengo emanaldi eta herrian egingo diren hurrengo emanaldi kulturalak aipatzen dira. Ondoren, “La Popular” txarangak egindako proposamenak udalean arbuiatua izan dela azaldu eta musika bandaren kontzertuen inguruan sortutako polemikaren azken nobedadeak biltzen ditu aldizkariak.
Vestak kolaboratzaileak sinatutako “Charlas Femeninas” tituluarekin etxeko indarkeria kasu baten istorioa kontatzen du idazleak. Antzokien hurrengo egunetarako programazioa errepasatu, “En el Municipio” atalean udalean hartutako azken erabakiak bildu eta errepublikanoek propaganda egiteko antolatutako azken ekitaldien berri eman ostean, aldizkaria publizitatez betetako ohiko orrialdearekin amaitzen da.