Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

29092: Irungo tren geltokiko trenbide langileen taldea XX. mendearen hasieran.

1922ko urriaren 8an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkariaren lehen idatzian Horacio de Sarasquetak xehetasun osoz kontatzen du kalean gauerdian mozkor batek sereno batekin izandako liskarra. Jarraian, Yolek “Versos románticos” atalean alaba txikia galdu ondoren ama baten minaz eta sentimenduez hitz egiten du. “Diálogo de actualidad” izenburuarekin X. kolaboratzaileak azaltzen du Irungo Ospitaleko zuzendari izateko Leandro Picabearen hautaketak sortutako iskanbilaren zergatia. Orrialde amaieran T. kolaboratzaileak berriz, hiriko zubi batean kale argiak ipini direla jakinarazte du, bereziki azpimarratuz zubi azpian bizi diren portugaldarrentzat albiste ona izango dela.

38368: Nazioarteko Abenida zubia Hendaiatik ikusita, atzean Pasiotarren eliza, Ducoureau eta El Pinar lursailak eta Plaiaundi ikusten direlarik.

Ohiko moduan aldizkariaren bigarren orrialdea kirol kronikarekin hasten da. Kasu honetan, futbol denboraldiaren hasiera da kirol ataleko albiste nagusia, estatu mailako hainbat taldek denboraldi berrirako dauzkaten erronkak errepasatuz, baina Real Unión taldeari tarte berezia eskainiz. Bestetik, txirrindularitzarekiko zaletasuna sustatzeko Irunen bizikleta lasterketak antolatzeko proposamena egiten du M. G. hizkiekin sinatzen duen kolaboratzaileak. Hurrengo idatzian aldiz, trenbideko langileen jaia ospatzeko antolatutako ekintzen berri ematen da. Ondoren, Tuberkulosiaren aurkako kontsultategiaren gastu eta diru sarreren balantzea argitaratzen da, kontsultategiak jasotako diruaren emaileei ahalegina eskertu eta dirua zertarako erabiliko den azaltzeko. Orrialde bereko azken atalean azaltzen da Irungo pilota partiduetan jarraituko den arautegia zein izango den.

56662: Stadium Gal futbol zelaia, argazkian 1950ean inauguratutako belodromoa ageri delarik.

Hirugarren orrialdearen hasieran “Por ahi” atalean hainbat albiste labur biltzen dira, atal berean askotariko gaiak nahasten direlarik. Ondoren, salgaien inportatzaileek monetaren balio galeraren ondoren aduanan errekarguaren itzulera eskatzeko daukaten epe berria jakinarazten da. Gainera, Pasionistek Trenbidearen kalean eliza berri bat eraikiko dutela kontatzen zaio irakurleari, “Notas Municipales” eta “Noticias” atal ohikoekin zenbakia itxi aurretik.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude