EXFILNAk filatelia adituak eta zaletuak bildu ditu Ficoban azokaren 60. edizioan

Ficoba izan da Filatelia Erakusketa Nazionalaren, EXFILNAren, egoitza azokaren 60. edizioan. Irailaren 21etik 25era ospatu da, Bidasoko Filatelia eta Numismatika elkarteak hirian ekitaldia egin ahal izateko izendapena lortu ondoren. Frantzia eta Argentina izan dira aurtengo ediziora gonbidatu dituzten herrialdeak. Ficobak, EXFILNA 2022rekin batera, Bildumaren Europako IX. Konbentzioa hartu du aldi berean.

EXFILNA Espainiako Filatelia Elkarteen Federazioak (FESOFI), Bidasoko Elkarte Filateliko eta Numismatikoak eta Correosek antolatu dute, Irungo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren babesarekin. José Antonio Santano Irungo alkateak EXFILNA Irunen egiteak duen garrantzia azpimarratu du, ekitaldiak hirira jende asko erakarriko duelakoan: “Irunen ekitaldi garrantzitsuak hartzeko eta hiriaren irudi erakargarria proiektatzeko bokazioaren beste adibide bat dugu EXFILNAren ospakizuna”.

Aurtengoa ez da EXFILNA Irunen egin den lehen aldia izan. Izan ere, 2009an iritsi zen Filatelia Erakusketa Nazionala hirira. Erakusketa normalean probintzietako hiriburuetan egin ohi da. Carlos Hernandez Bidasoko Filatelia eta Numismatika elkarteko presidenteak erakusketaren aurkezpenean adierazi zuzenez, “bagenekien bazegoela protokolo bat EXFILNA probintzietako hiriburuetan bakarrik egiteko, baina 2022koa antolatzea eskatu genuen, nahiz eta ez genuen hura guri emateko itxaropen handirik”. Eskaria egiteko elkarteak San Martzialeko Batailaren 500. urteurrena erabili zuen aitzakiatzat, duela 12 urte antolatutako erakusketak izandako arrakastarekin batera.

“Bizi itzazu zigiluak itsasoaren eta mendiaren artean” leloarekin, Exfilna 2022 aukera paregabea izan da historia zigiluek biltzen dituzten gertaera garrantzitsuen bitartez kontatzeko. Izan ere, paper zati batzuk izan arren, zigiluek gertakari historikoak islatzeko gaitasun handia dute eta Ficoban era askotariko zigiluak ikusi ahal izan dira.

Lehiaketa
Erakusketak lehiaketa izaera du eta Espainiako Filatelia Txapelketa bezala ezagutzen da. EXFILNAren edizio honetan 129 erakusketarik eman dute izena eta 603 koadro erakutsi dituzte. Bildumak epaimahaiak banatzen dituen sariak lortzeko lehiatu dira eta hainbat kategorietako sariak eman dira.

Merche García hondarribiarrak EXFILNAn bere orri markatzaileen bildumaren zati bat erakusteko aukera topatu du. “Irakurle amorratua naiz, nire etxean beti egon da liburu asko eta, beraz, beti egon naiz orri markatzaileez inguratuta”, azaldu du Hondarribiko bildumazaleak. Bere senarra filatelista dela aprobetxatuz, Merche erakusketa filatelikoetan oinarritu da bere bilduma antolatzeko. Guztira, Dina 3 tamainako 200 orri baino gehiagok osatzen dute bere bilduma, gaika banatuta. 60. EXFILNArako aukeratutakoen artean irungo paisaien argazkiak, Irungo Liburu Azoka, alardea eta Irunen antolatutako beste hainbat ekitaldietako orri markatzaileak ikusi ahal izan dira, 2009ko EXFILNA erakusketa Irunen egin zeneko orri markatzaileekin batera. Merche Garcíaren hitzetan, “markatzaileak erosten hasi nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen gauzak lortzeko modu hori eta orain ni eta nire lagunak arduratzen gara orri markatzaileak nonahi lortzeaz, bilduma handitzeko”.

Zigiluen aurkezpena
2022ko EXFILNAren programaren barruan, halaber, edizio honen zigilu oroigarria emititu eta aurkeztu da, eta, oraingoan, San Martzialeko batailaren 500. urteurrenari eskainita dago. Emisioa bloke-orri batean sartuta dago. Bertan, kalkografia batean San Martzial ermita azaleratzen da hodei-bainu baten erdian. Irudi hau aukeratu da 2022an 500 urte bete direlako San Martzialeko lehen bataila gertatu zenetik. Borroka hori Aldabe haitzaren, gaur egun San Martzial mendia izenez ezagutzen denaren, eta Behobia edo Gazteluzar gazteluaren artean gertatu zen. Zigiluak eta orriak EXFILNA 2022 erreferentzia ere jasotzen dute eta 6,45 euroren truke eskuratu ahal izan dira azokan.

Gainera, efemerideen seriearen barnean Irungo Atsegiña elkartearen mendeurrenari zigilu bat eskaini zaio. Irungo Atsegiña sozietatearen zigilua Premium formatuan ematen da eta 2 euroko balioa du. 500. urteurrenaren eta Irungo Atsegiñaren zigiluak Correos-eko bulegoetan eros daitezke, Correos Market bidez, zerbitzu filatelikoarekin harremanetan jarriz atcliente.filatelia@correos.com helbide elektronikoan edo 915 197 197 telefonora deituz.

Filatelia zaletuentzako erreleboa
EXFILNA erakusketarekin batera hainbat jarduera antolatu dira, hala nola, Txingudi badiarako zigilu bat diseinatzeko lehiaketa bat. Lehiaketa horretan Irun eta Hondarribiko Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu dute. Marrazkiak Irungo Mendibil merkataritza-gunean ikusgai egon dira erakusketak iraun duen bitartean. Belaskoenea ikastetxeko Aritz de Arribak egindako marrazkia izan da irabazlea. Beraz, 2022. EXFILNAk filatelista handientzako zein txikientzako lekua izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude