EXFILNA Espainiako Erakusketa Filatelikoaren 2022ko edizioa Irunen egingo da aurten, Ficoban. Estatuko filateliazaleen topaketa nagusia da EXFILNA, eta hirurogeigarren edizioa izango du aurten, irailaren 21etik 25era bitartean. Gainera, aldi berean, Bildumazaletasunaren Europako IX. Konbentzioa egingo da Gipuzkoako Erakustazokan.
Guztira, 129 erakusketarik eman dute izena EXFILNAren edizio honetarako, eta 603 koadro jarriko dituzte ikusgai, epaimahaiak hainbat kategoriatan banatzen dituen sariak irabazteko borrokan. Era berean, edizio hau oroitzeko zigilua egin eta aurkeztuko da, zeina San Martzialeko Guduaren 500. urteurrenari buruzkoa den, baita Irungo Atsegiña Elkartearen mendeurrenaren inguruko zigilu bat.
Gainera, egitarauaren barruan, erakusketak iraungo duen bost egunetan, liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dira. Ekitaldi gehienak Ficoban bertan izango dira, bi izan ezik: Joana erreginari buruzko zigiluen erakusketa Hondarribian izango da, kultur etxean, eta “Zigilu bat Txingudirako” marrazketa sariketan irabazle gertatu diren ikasleentzako eta parte hartu duten ikastetxeentzako sarien banaketa, Mendibil merkataritza gunean; hain zuzen ere, Txingudiko badiako 1.000 ikastegik baino gehiagok parte hartu dute sariketan, eta irabazleen diseinuak zigilu bihurtuko dira.
EXFILNAren 2022ko edizioaren leloa “Bizi zigiluak itsasoaren eta mendiaren artean” izango da, eta erakusketa zigiluek istorioak kontatzeko eta gertaera garrantzitsuak islatzeko duten aniztasun, aberastasun eta gaitasuna ikusteko aukera handi bat izango da.
FESOFI Filatelia Elkarteen Espainiako Federazioak, Correosek eta Bidasoko Filatelia eta Numismatika Elkarteak antolatzen dute EXFILNA; Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute; eta Espainiako eta Frantziako hamabost laguntzaile ditu.