Bioterra, 17 urte klima-aldaketaren borrokan arreta jartzen

Urriaren 9tik 12ra Ficobako hiru pabilioiak Bioterra azokaren 17. edizioaren erdigunea izan ziren. Momentuko osasun krisialdia dela eta azoka ekaineko data ohikoetatik kanpo antolatu eta 4 guneko iraupena izan du. Prebentzio- eta segurtasun-berme handienak eskaintzeko azokaren espazioak egokitzeaz gainera, aurtengo edizioan sarrera doakoa izan da.

Bioterrak azokaren 17. edizioa ospatu berri du, hau da, Ficoba erakustazokaren adinako bizitza duen urteko ekitaldi jendetsuenetako bat izan ohi dena. Aurtengo edizioan 85 erakusketarik parte hartu dute azokan. Erakusketariak Ficobako hiru pabilioietan sakabanatu ziren, azokaren egitura birrantolatu eta korridoreetan bisitarien arteko segurtasun distantziak errespetatzea posible izan zedin inoiz baino tarte gehiago, ia 8 metroko distantziak, utzi zirelarik.

Humagic Taller Creativoko Nuria Garcíak Bioterran 10 urtez erakusketari gisa parte-hartzeagatik errekonozimendu berezia jaso zuen José Antonio Santano Irungo alkatearen eskutik. “Egindako lanarengatik errekonozimendua jasotzea oso pozgarria da”, azaldu zuen Nuria Garcíak saria jaso ostean. Bioterra azoka asko gustatzen zaiola onartu du erakusketariak, azokaren izaera hurbilaz gainera, bisitariek erakusketarien lana asko eskertzen baitute. Aurten gainera, pandemiaren erdian azokaren antolaketa ohi baino pozgarriagoa dela adierazi du Nuria Garcíak, “zazpi hilabetez lan egin ezinean ibili ostean, Bioterra aurrera ateratzeko egindako esfortzua bereziki eskertzen da”.

Hitzordu arrakastatsua
Aurreko edizioetan bezala, Bioterra hainbat autonomia erkidegotako eta Frantziako erakusketariak erakartzeko gai izan da. Euskal Autonomia Erkidegoan 28 erakusmahai izan dira, horietatik 20 gipuzkoarrak izan direlarik. Gainontzeko erakusketariak Nafarroa (14), Madril (8), Katalunia (7) eta Andaluziatik (6) etorritakoak izan dira.

Martta Irigoyenek Biharko Lurraren Elkarteko ordezkari gisa azokaren hastapenetatik Bioterrara erakusmahai batekin hurbildu izan direla azaldu zuen . Bioterra bezalako azoketan parte hartzeak elkartearen lana ikustarazteko duen garrantzia azpimarratu zuen Martta Irigoyenek azalduz, “inguruko laborari txikien lana ikustarazteko oso garrantzitsuak dira honelako azokak”. Azokaren azken edizioetan zehar bisitarien artean produktuen jatorria eta kalitate maila ezagutzeko galderek gora egin dutela ikusi dute BLE elkarteko kideek. Zentzu horretan, urriaren 9ko goizean zehar ogi eta gazta asko saltzen ari zirela azaldu zuen Martta Irigoyenek, bisitariengan arto gorriak interes handia pizten ari zuela baieztatu ostean.

Baimendutako gehienezko edukiera 600 pertsonakoa izateak, zubian zehar Ficobara hurbildu diren pertsonei bisita bereziki lasaia egiteko aukera eman die. Bisitari gehienak Gipuzkoakoak izan dira, % 87, eta lurraldeko ia eskualde guztietakoak, batez ere Irun, Donostialdea eta Oarsoaldekoak. Nabarmentzekoa da, halaber, Bizkaiko (% 4), Frantziako (% 4) eta Nafarroako (% 3) ikusleen parte-hartzea. Gainera, aurtengo edizioan azokarako sarrera guztiz doakoa izan da.

M. Navarro Bioterra azokako ohiko bisitaria da eta azoka bisitatu ostean apur bat atsekabetuta dagoela onartu zuen , izan ere, aurtengo edizioak eta aurrekoen artean alde handia nabaritu baitu. M. Navarrok azaldu zuenez, “urtero erosten ditudan gauza berdinak erosi ditut aurten ere, hau da, olioa, ardoa, gazta eta orain eztia erostera goaz”. “Beste urte batzuetan kremak erosi izan ditut, baina, orain nik neuk egiten ditut”, gaineratu du azokako bisitari ohikoak. Azoka ekainean bertan behera gelditzen zela jakinarazi zenean albistea atsekabe handiz hartu zuela onartu du Navarrok, beraz, formatu murriztuagoa izan erren, azkenean Bioterraren 2020ko edizioaren aurrera ateratzearekin pozik agertu da.

Konpromisoa ardatz
Era berean, azokan jorratzen diren hainbat arlotako adituek ez diote Bioterrak proposatutako hitzorduari hutsik egin nahi izan. Lau egunez produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokan gai ugari landu ziren. Besteak beste, produktu eta zerbitzu arduratsuen balioaz, etxeko erosotasunaz eta ongizateaz gozatzeko gakoez, plastikorik gabe nola eta zergatik bizi, etxe osasuntsu baterako toxikoen garbiketaz, agroekologiaz, nola saihestu disruptore endokrinoekiko esposizioa, komunitate energetikoez edo osasunaren alde egitearen edo gaixotasunari aurre egitearen arteko dikotomiaz.

Garapen Jasangarriko Helburuekin bat
Bioterrak bat egin du Nazio Batuen 2030 Agendarekin. Agenda hori pertsonen, planetaren eta oparotasunaren alde inoiz garatu den ekintza-planik handiena da, eta garapen jasangarriko 17 Helburu (GJH) eta 169 jomuga ditu. Ficobak 7. GJH, 12. GJH eta 13. GJH sustatzeko ahaleginak egin ditu, hau da, energia eskuragarria eta ez kutsagarria sustatzeko eta garapen sozioekonomikoari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari laguntzeko.

Ekarpen horren zati bat Bioterra antolatuz egiten da; izan ere, Bioterrak, erakusketa- eta dibulgazio-guneetan, gai horri heldu zion, adibidez, “17 helburu gure mundua eraldatzeko” UNESCO Etxea erakusketaren bidez edo “Pobreziaren aurkako borrokan Ingurumen Iraunkortasunaren aldeko Sarearen “Ingurumen jasangarria pobreziaren aurkako borrokan” erakusketa ibiltariaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude