Burrunba elektrotxarangak, askorentzat oharkabean, 10 urte bete ditu. Urteurren borobila festarako aitzakia bezala erabiliko dute, baina eguna jai hartuz. Ekainaren 14rako Txaranga Eguna antolatu dute festa girotzeko lagunak gonbidatuz. Horretaz gain, Irungo jaietako gainontzeko hitzorduetan, bai, parte hartuko dutela azaldu digute Oihane Narbarte eta Mikel Ramírezek.
Azkar pasa zaizkizue 10 urte hauek?
Oihane: Egia esan, oso azkar. Urteurrenaz konturatu ginenean, data berezia ospatzeko zerbait antolatu behar genuela pentsatzen hasi ginen. Atzera begira ere jarri ginen, gure taldetik zenbat jende pasa den eta zenbat aktuazio egin ditugun ohartuz. Taldea asko aldatu da, jende berria dugu eta, gu geu gazteenetarikoak izatetik orain ia zaharrenak izatera pasa garelako.
Nolakoak izan ziren hasierako lehen une haiek?
Mikel: Hasieran Hondarribiko elektropatxarangan sartuak ginen eta bertan lagun asko utzi genituen. Hortik, irundar eta hondarribiar batzuen artean beste talde bat sortzeko grina piztu zitzaigun eta horrela sortu zen Burrunba 2015ean, orain dela 10 urte. Gure helburua ondo pasatzea zen, musika ona egitea eta geneukan koadrila mantentzea. Taldea sortu genuenetatik egia da ez garela asko geratzen, baina jende berri asko batu zaigu lehen hamarkada honetan. Agian hori taldearen osasunaren adierazgarrietako bat da, jende berriak ekarri digun aire freskoa eta beteranoak uztartzea.
Oihane: 10 urte bete ditugun arren, gure helburuari tinko eusten diogu. Hau da, kaleko txaranga bat gara oraindik ere, beti hobetzen jarraitzeko helburua duena. Batzen zaigun jende gazteak bat egiten du gure helburu horrekin. Guk jarraitu edo ez, Burrunbak urte luzez jarraitzea espero dugu.
Burrunba non egon den eta zenbat emanaldi eskaini dituen zenbatu duzue inoiz?
Mikel: Bai, noski. Hori guztia zenbatuta dugu. Aurten gure 400. kontzertua izango dena eskainiko dugu, beraz, ez dira gutxi orain arte emandakoak. Herriei dagokienez, dozenaka eta dozenaka dira. Gure entsegu lokalean Euskal Herriko mapa handi bat dugu eta bertan egondako lekuetan txintxetak jarriak dauzkagu, guretzat jada konkistatutako lurraldeak baitira.
Oihane: Gehienbat Euskal Herriko iparraldean egon gara. Egia da ere urtetik urtera behin eta berriro errepikatzen diren emanaldi edo leku asko ditugula. Ia-ia kontratua itxi baino lehen, jada bertan egongo garela badakigu, etxean bezala sentitzen garelako bertan.
“Gure helburua ondo pasatzea zen, musika ona egitea eta geneukan koadrila mantentzea”
Mikel Ramirez, Burrunba elektrotxaranga
Plazan edo eszenatokietan ikusten den lanaz gain, askoz gehiago dago atzetik?
Mikel: Antolakuntza aldetik, taldetxotan banatzen gara. Batetik, logistika taldea dugu eta 3 kidek garraiorako kotxeak antolatzen dituzte, eguneko planing baten gisakoa, ordutegiak, emanaldien iraupena eta otorduetarako lekuak. Horrek asko errazten du gure lana.
Oihane: Musikariak izateaz gain, bakoitzak betidanik izan ditu beste rol batzuk. Zereginak taldeka banatzen ditugu: kontratazioak, sare sozialak,… Arduren banaketa horrek asko lagundu digu dena txukun eramaten. Urtero bilera orokor bat egiten dugu, afariarekin noski, rol horiek errepasatu eta beharrezkoa bada berrantolatzeko.
Kide aldetik, nola zabiltzate?
Mikel: Saio bakoitzeko 15 bat kide joaten gara, kide zaharrak eta berriak nahastuz. Plantillan guztira 25 edo 30 bat izango gara, GKE bat garela dirudi.
Denborak aurrera egin ahala, errepertorioa eguneratzea ere beharrezkoa izango da.
Oihane: Bai. Dena den, baditugu beti abesti oso jakin batzuk edonon ondo funtzionatzen dutenak, baita urteak pasata ere, beraz, horiei eusten diegu. Urtetik urtera, modak aldatzen doazenez, abesti berriak ateratzen eta nahasketa berriak egiten saiatzen gara. Beti badugu zer berritu, zer atera eta zer sortu.
Mikel: Horretaz arduratzen beste lantaldea dugu, baita partiturak egiten dituena, jende trebea. Urtero hiruzpalau abesti berri atera ohi ditugu.
Festazale amorratuak zareten arren, giro horretan lan egitea erraza suertatzen zaizue?
Oihane: Beti ez da erraza, baina bai gehienetan. Batzuetan egoera desatseginak topatu izan ditugu. Gure helburua beti festan murgiltzea eta publikoarekin konektatzea da, baina beste baldintza batzuk tartean sartzen direnean, jendea agian ez da konturatzen, ez da jabetzen, eta errespetuaren muga urratu dezake. Gatazken aurrean gure aurpegi onena ateratzen saiatzen gara. Batzuetan gertatu arren, gutxitan izaten ditugu gatazkak. Aktuazio bat borobiltzeko modua publikoarekin konektatzea da.
“Guk jarraitu edo ez, Burrunbak urte luzez jarraitzea espero dugu”
Oihane Nabarte, Burrunba elektrotxaranga
Sanmartzialak data berezia dira Burrunba Elektrotxarangarentzat ia zuen hasieratik, ezta?
Mikel: Sanmartzialak beti dira data berezia guretzat, Inauteriak eta San Tomas bezala. Urtero moduan, San Juan bezperako gauean San Juan plaza inguruan joko dugu. Koadrila Egunean Ficobako oholtza gainean arituko gara Herri Bazkariaren ostean. Ekainaren 14an Irungo Txaranga eguna ospatuko dugu, udalaren eskutik. Guztira, 4 talde, txaranga edo brassband ekarriko ditugu gurera. Eguerdian hasita, Fangoriako kontzertua hasi arte hiria girotuko dute. Gu haien atzetik ibiliko gara ondo pasatzen, gure 10. urteurrena ospatzen.
Oihane: Azkenean beti gu ibiltzen gara beste omenaldi eta festa horiek girotzen, beraz, behingoz gure buruari oparitxo bat egin nahi izan diogu. Aurten guk jo ez arren, guretzako omenaldi propioa izango da, baita irundar guztientzakoa ere.
Udara begira, agenda hitzorduz gainezka omen duzue.
Mikel: Bai, hori jada baieztatu dezakegu. Urtez urte gertatzen zaigun zerbait da.
Oihane: Udaran ia asteburu guztiak hartuak ditugula esango nuke, bai larunbata zein igandea. Badira asteburu berean 2 edo 3 emanaldi ditugun asteak, eta baita astean zehar jotzen dugun garaiak ere. Dena den, kontratazioa oraindik irekita dago, beraz, interesa duenak galdetu dezala eta, ahal baldin badugu behintzat, gu oso gustura joango gara beraiengana.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.