Cristina Labordak alkate lanetan lehen urtea bete du 2024ko abenduaren 13an. Aldaketa eta ardura berriz beteriko urtea izan da, baina zinegotzi izandako urteetan lortutako esperientzia lagun zuela jardun du. 2024a urte estrategiko gisa definitu du, hiriaren garapenerako akordio garrantzitsuak lortu baitira. Lehen urteko erronka gaindituta, Cristina Labordak hiriak 2025ean eta etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko prest dagoela azaldu du, Irun merezi duen lekuan kokatzeko.
Aldaketen urtea
Kontaiguzu nolakoa izan den alkate lanetan eman duzun lehen urtea.
Intentsitate handiko urtea izan da, ez gara gelditu. Alkate izan naizen lehen urtean hiria nola eraldatu den ikusi dugu. Proiektu garrantzitsuentzat eta hiriarentzat oso akordio sendoak lortu ditugu, eta horrek intentsitate handia ematen dio hiriaren egunerokotasunari. Dena den, balantzea positiboa dela esan dezakegu, baina ez bakarrik niri esker, baizik eta gobernu taldeari esker, oro har, egoerak eskatzen zuen mailan egon baita. Bere garaian esan nuen bezala, Irungo historiaren orri berri bat idazten ari gara, hiriaren eta hiritarren aurrerapena ardatz hartuta.
Zure ibilbide politikoaren hasieran, imajinatzen zenuen inoiz zeure burua Irungo alkate gisa?
Egia esan, ez. Nik beti asko bereizi izan ditut udal bizitza eta beste kargu instituzional batzuk. Ni legebiltzarkidea ere izan nintzen, eta uste dut ez dagoela zure hiriko zinegotzi izatea bezalakorik. Eta, jakina, zure hiriko alkate izatea bezalakorik ez dago, gehien maite duzun lekuak aurrera nola egiten duen eta nola eraldatzen duzun ikusi dezakezu eta. Azkenean, zu bizi zaren lekua da, eta zure familia dago bertan. Horregatik, uste dut erakundeetan egon daitekeen kargurik atsegingarriena dela hau, eta hala sentitu izan dut beti. Urtebete pasatxoren ostean berriro errepikatzen dut nire bizitzako ohorerik handiena izango dela Irungo alkate izatea.
“Urtebete pasatxoren ostean berriro errepikatzen dut nire bizitzako ohorerik handiena izango dela Irungo alkate izatea”
Alkatetzara egokitzeko, zinegotzi esperientzia lagungarria izan zaizula uste duzu?
Bai, guztiz. Urte luzez zinegotzia izan naiz, baina egia da alkatearen erantzukizuna askoz ere handiagoa dela. Hala ere, lantalde baten barruan asko ikas daitekeela esan dezaket, eta aurreko alkatearen lantaldeko kide izateari esker jabetu naiz alkate izateak zer dakarren. Hilabeteek aurrera egin ahala, ezagunak zitzaizkidan gauzak zuzenean ikusi ahal izan ditut eta aurreko ezagutza hori funtsezkoa iruditzen zait, nahiz eta egia den aurretik erantzukizunik ez zuten asko alkate izatera iristen diren. Nire ustez, ordea, udal bizitzaren eta hiriaren ezagutzan izandako esperientzia oso baliotsua da. Horri esker, alkatetzara iritsi naizenean hiriko proiektu garrantzitsuenak ez dira geldiarazi, aurretik hiriaren funtzionamendua ezagutzen nuelako.
Beraz, erraza izan da hainbeste urteren ondoren José Antonio Santanoren lekukoa hartzea?
Eskerrak eman nahi dizkiet hiritarrei kalean sumatzen dudan maitasun sentsazioagatik. Batez ere, nirekin duten zintzotasuna eskertzen dut, eta zerbait gustuko dutenean edo ez dutenean berdin-berdin esaten didatelako. Uste dut udal politikak horrela eraikitzen direla, parte-hartzetik. Lehen esan dudan bezala, ni zinegotzi izandako urteek aldaketa erraztu dute, hiriaren abantailak eta desabantailak jada ezagunak nituelako.
“Urte luzez zinegotzia izan naiz, baina egia da alkatearen erantzukizuna askoz ere handiagoa dela”
Zein izan da alkate gisa orain arte bizi izan duzun unerik bereziena?
Horrelako galderen aurrean beti proiektu handiak aipatu ohi ditugu eta normala da, garrantzitsuak baitira. Baina niretzat, alkate gisa, gauzarik pozgarrienetako bat da hiritar batekin hitz egitea. Niregana arazo edo kezkaren bat duenean jotzen dutenean, nik lagundu ahal izango diedan itxaropenarekin datozela jakiteak betetzen nau. Gustatzen zait hiritarrei zuzenean begietara begiratu ahal izatea, eta gero ikustea eskaera edo arazo hura konpondu dela. Maila pertsonalean, San Pedro eguna asko gustatzen zait, Udalbatzarentzat urteko egunik berezienetakoa baita. Niretzat, alkate bezala, San Pedro egunak esanahi oso berezia izan zuen.
“Uste dut udal politikak horrela eraikitzen direla, parte-hartzetik”
Izango ziren, ordea, une korapilatsu edo zailagoak, ezta?
Egia da badirela zailagoak diren egunak. Adibidez, herritar bat hurbiltzen zaizunean arazo edo kezka batekin eta konponbiderik eman ezin diozunean, agian ez delako udal ardura edo kontu oso konplexua delako. Azkenean, gure betebeharra interes orokorra zaintzea da, eta askotan hori interes partikularren baten aurka joan daiteke. Nire ustez, alkate naizenetik, gehien kezkatzen nauen gaietako bat, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da, herritarren artean gehien errepikatzen den kezketako bat da eta. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzari Irun tentsionatutako eremu izendatzeko eskaria egin diogu. Beraz, gehien kezkatzen nauen gaien adibide izan daiteke konponbide zaila du eta, baina 2025ean egoera hobetzeko lanean jarraituko dugu.
Hiria eraikitzen
2024. urtea akordio estrategikoen urtea bezala baloratzen zenuen orain gutxi. Zeintzuk izan dira akordio aipagarri horiek?
Hiriarentzako akordio garrantzitsuenetako bat Oiñaurreko anbulatorioa eraikitzeko akordioa izan da. Hamarkada bat baino gehiago daramagu horren zain, eta azken urteetan ikusi dugu nola mobilizazioak izan diren kaleetan gure hirian osasun arreta hobetzeko eskatuz, eta bereziki Lehen Mailako Arreta. Urtearen amaieran, berriz, trenbidearen integraziorako akordioa sinatu genuen. Hiriaren mugikortasunean ekarriko duen hobekuntza guztiaz gain, geltoki berriak eraikiko dira eta Euskotrenen zazpi minutuko maiztasunarekin hiriaren mugikortasun jasangarriaren iraultza ekarriko du. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari Irun tentsionatutako eremu izendatzeko eskaera egin diogu. Behin onartuta, 2025ean horren emaitzak ikusten hasiko gara, alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko.
“Izan ere, funtsezko beste helburuetako bat langabeziaren jaitsiera eta biztanleriaren hazkundea lortzea da, bizitzeko eta lan egiteko hiria izan nahi dugulako”
Irunek ekitaldien hiria izan nahi du. 2025ari begira, zeintzuk izango dira hitzordu garrantzitsuenak?
Urtean zehar pista gehiago emango ditugu. Denok oso kontziente gara Sanmartzialak ekitaldi handi bat izango direla. Gure jaiak dira, baina bertakoez gain, kanpoko pertsonentzat ere erakargarri egin nahi ditugu. Dies Oiassonisek udan hiriaz gozatzeko aukera emango digu. Bestetik, joan diren Gabonen balorazioa egin bezain laster, aurtengoak prestatzen hasi beharko gara, data oso bereziak dira eta. Horietaz gain, urtean zehar jakinaraziko ditugun beste hainbat hitzordu izango ditugu. Uste dut horrelako ekitaldiei esker Irun mapan ondo kokatzen jakin dugula, Gipuzkoan ez ezik, Iparraldean eta Nafarroan ere erreferente eginez. Badakigu ekitaldi hauek garrantzitsuak direla, ingurukoak eta hain gertukoak ez diren pertsonak erakartzen dituztelako.
“Oso proiektu garrantzitsuak ditugu martxan eta hilabete gutxi barru emaitzak ikusiko ditugu, hainbat amaitzear baitaude”
Horretarako, beharrezkoak dira azpiegitura egokiak. Zeintzuk dira 2025erako aurreikusitako ekipamendu edo hobekuntza berriak?
Oso proiektu garrantzitsuak ditugu martxan eta hilabete gutxi barru emaitzak ikusiko ditugu, hainbat amaitzear baitaude. Ekitaldien hiria izateaz gain, Irun turismo hiria izateko apustua egin nahi dugu. Iragan erromatar garrantzitsua duen hiria gara, eta hilabete batzuk barru Oiasso museoaren parte izango diren termak irekiko dira. Hilabete batzuk barru ere Irugurutzetako labeen lanak hasiko dira, hiriaren iragan meatzariari merezi duen lekua egiteko. Horretaz gain, laster CBAren bigarren fasearen irekiera espero dugu. Aipatutako lan hauek eta beste hainbat amaitzen doazen heinean, hiriko ekipamenduak nola hobetzen diren ikusiko dugu.
Hala ere, oraindik badira hirian hobetu beharreko gaiak, ezta?
Bai, horretarako 2025ean akordio berriak lortu beharko ditugu. Tentsionatutako eremuaren izendapenak datozen hiru urteetan babes ofizialeko mila etxebizitza eraikitzeko planteamenduarekin jarraitzeko aukera emango digu. Bestetik, Irunen beharrezkoa da errepide azpiegituren hobekuntza handia. Hegoaldeko Errondaren bigarren fasea eginda ez dagoenez, trafikoa hiri erdigunetik desbideratzeko aukerarik ez dago. Arazo handienak Behobiako ingurunean pilatzen dira, zoritxarrez gero eta gehiagotan, eta urteak daramatzagu hirian bide azpiegiturak hobetzeko beharra azpimarratzen. IAM pabiloiaren proiektuak ere aurrera egitea behar dugu, hiriarentzat garrantzitsua eta funtsezkoa baita. Hala ere, 2024an onartu ditugun akordioen jarraipena egitea garrantzitsua iruditzen zait, adibidez, Oinaurreko anbulatorioarekin, baina baita hiriko gainontzeko osasun azpiegiturekin, hobekuntza gehiago behar dira eta. Era berean, trenbideen integraziorako hitzarmena akordio txikiagoetara eraman behar dugu, administrazio bakoitzak bere ardura hartu dezan.
“Azkenean, gure betebeharra interes orokorra zaintzea da, eta askotan hori interes partikularren baten aurka joan daiteke”
Etorkizunera begira lanean
Hiri bat gobernatzeko, orainaldiaz gain, etorkizun luzeari ere erreparatu behar zaio, ezta?
Bai eta horren adibide da aurten San Migel Anaka inguruneko obren hasiera ikusiko dugula. Horrek erakusten du egunerokoan hiriaren etorkizunari eragingo dioten erabakiak hartu behar direla. Herritarrek orain dituzten beharrei erantzun behar diezu, logikoki, baina planifikazioa beharrezko da, batez ere hiri plangintzan eta maila ekonomikoan. Beti esaten digute asko hitz egiten dugula eraldaketa urbanistikoaren zatiaz, baina eraldaketa ekonomikoak ere badu bere garrantzia. Hain zuzen ere, Aduana zaharreko obrekin hasi dugun hiri barrutiaren eraldaketa. Alegia, eraikin hori ekintzailetzarako, berrikuntzarako eta prestakuntzarako eraikina izatea nahi da. Horrela, hirira industria berriak ekartzea eta ekonomia dibertsifikatzea lortuko dugu. Izan ere, funtsezko beste helburuetako bat langabeziaren jaitsiera eta biztanleriaren hazkundea lortzea da, bizitzeko eta lan egiteko hiria izan nahi dugulako.
“Niretzat Irun da munduko hiririk onena eta hura eraikitzen eta mapan merezi duen tokian kokatzeko lanean jarraitu behar dugu”
Azkenik, nola ikusi nahiko zenuke Irun agintaldia amaitzean?
Nire ustez, orain herritarren arazoak konpontzea da garrantzitsuena. Hau alkate gisa dudan helburuetako bat da, politikak herritarrei irtenbideak eman behar dizkiela uste dut eta, liskarrerako arrazoi bat izan beharrean; aitzitik, egungo egoera hobetzeko lan egin behar dugu. Horretarako, anbizioa izan behar da. Niretzat Irun da munduko hiririk onena eta hura eraikitzen eta mapan merezi duen tokian kokatzeko lanean jarraitu behar dugu. Irun mugako hiria da, baina baita ingurune zabalago bateko hiriburua ere. Irun ez da beste hiri soil bat. Beti esaten dugu Gipuzkoako beste hiri bat dela, eta uste dut hori izan behar dela balantzea, oinak lurrean eduki behar direla herritarrek orain dituzten arazoei irtenbidea emateko. Baina begirada luze hori eta anbizio hori galdu gabe, Irun eraldatzen jarraitzeko eta irundar guztientzat eta gure hiria handitzen eta handitzen doazen pertsonentzat aukera hiria izaten jarraitzeko.
Cristina Laborda Albolea
Cristina Laborda Donostian jaio zen, 1980an. Irunen ikasi zuen, San Vicente de Paul ikastetxean, baita Hondarribian ere, Ama Guadalupekoa ikastetxean. Batxilergoa Pio Baroja institutuan egin zuen. Deustuko Unibertsitatean bi gradu ikasi ditu: Historia eta Giza Zientziak-Enpresa. Irungo Udaleko zinegotzia izan da, 19 urte zituenetik, eta arlo ugaritako arduradun nagusia izan da: Obrak, Gizarte Ongizatea, Mugikortasuna, Bide Publikoa, Berdintasuna, Gazteria, Lankidetza, Hezkuntza, Udaltzaingoa eta Bizikidetza, eta Giza Baliabideak. Gainera, lau urtez (2008tik 2012ra arte), legebiltzarkidea izan zen, eta, 2007tik 2008ra, batzarkidea. 2023ko abenduaren 13tik Irungo lehenengo emakumezko alkatea da.