Irungo Udalak gaur aurkeztu du Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) bideratzen duen objektu galduen kudeaketari buruzko balantzea. Datuen artean nabarmentzen da aurten, oraingoz, gordailututako ondasunen % 60 itzuli ahal izan zaizkiela jabeei. Ehuneko horrek agerian uzten ditu herritarren konfiantza eta zerbitzuaren efizientzia, udal baliabide horrek ehunka herritarri laguntzen baitie galdutako objektuak berreskuratzen.
HAZ da Irunen galdutako objektuak uzteko eta jasotzeko gune ofizial bakarra. Hala bada, bide publikoan objektu bat aurkitzen duen edozeinek San Martzial karrikako bulegoan entregatu dezake, izena eman gabe edo, nahiago badu, gordailugile gisa identifikatuta.
Era berean, zeozer galdu duenak HAZera jo eta berreskuratu ahal izango du jabea dela erakusten badu. Kasu batzuetan, objektuak jabea identifikatzeko moduko datuak baldin badauzka, HAZeko langileak zuzenean jartzen dira harremanetan jabearekin. “Legezko betebeharretik haratago doan keinu bat da, Irungo Udalak zerbitzu publikoari ematen dion orientazioa, herritarrei arreta emateko bokazioa eta erabili dugun sistemaren eraginkortasuna agerian uzten dituena”, adierazi du Gobernu Irekiko eta Herritarren Partaidetzako ordezkari Jon Ugartek.
Herritarrek HAZen bidez edo udal telefono bidez (010 – 943 50 51 52) izan dezakete aurkitutako objektuen berri, baina, segurtasun arrazoiak tarteko, telefono bidez ez dira deskribapen zehatzak ematen. Legeak ezartzen duen bi urteko epea igarota, eskatzen ez diren objektuak gordailugileei ematen zaizkie edo, bestela, tokiko GKE bati, erabilera sozial egokia emango zaiola bermatzeko.
7 objektu galdu egunean
2024an, HAZek 2.100 objektu jaso eta kudeatu zituen, aurreko urtean baino % 4 gehiago, gutxi gorabehera, etengabe hazten ari den joera berretsiz. Galdutako objektu gehien-gehienak agiriak eta karterak, giltzak, betaurrekoak eta sakelakoak dira. Iaz, guztira, 534 objektu suntsitu ziren edo eman zitzaizkion GKE bati, eta aurten jada gainditu egin da zifra hori. 2025ean, aurreikuspenen arabera, zifrak handitzen jarraituko du, baina, aldi berean, ehuneko handi bat berreskuratuko da, eta arduraz kudeatuko dira itzultzeko eskatu ez direnak.
Zerbitzua eraginkorra da eta, gainera, oso balorazio ona jasotzen du herritarren aldetik. Gogobetetze maila neurtzeko HAZen urteroko inkestan jasotako datuen arabera, Objektu Galduen zerbitzuak 5etik 4,84ko batez besteko puntuazioa lortu du, eta bereziki nabarmendu da artatzen duten langileen adeitasuna eta profesionaltasuna.
Zerbitzua eguneratzeko lanean
Bestalde, Udala lanean ari da zerbitzua modernizatzeko eta garai berrietara egokitzeko. Zentzu horretan, udal webgunearen bidez objektu galduak denbora errealean kontsultatzea ahalbidetuko duen sistema bat garatzen ari da herritarren iradokizun bati erantzunez eta prozesuaren irisgarritasuna eta gardentasuna hobetuz.
Eguneraketa horrek osatuko du Kode Zibilak aurreikusten duen prozedura tradizionala, Kode Zibilaren arabera ondoz ondoko bi igandetan iragarri behar baitira objektu galduak. Irunen, 1997ko Ordenantzaren arabera, HAZeko Iragarki Taulan argitaratu behar da zerrenda, eta bide hori orain ingurune digitalera hedatuko da informazioa herritar orori helarazteko.
HAZeko arduradun Izaskun Larrarteren hitzetan, “hobekuntza horiek eginda Irungo Udalak indartu egingo du, erabilgarritasun praktikoaz gain, udal kudeaketaren oinarri diren konfiantza, erantzukizun eta hurbiltasun balioak islatzen dituen zerbitzua. HAZek sendotzen jarraitzen du Irunen bizi direnentzako zuzeneko zerbitzuaren arreta publiko eraginkor, moderno eta hurbilaren adibide gisa”.
1889ko Kode Zibilak ezarri zuenaren arabera, objektu galduen kudeaketa haiek topatu diren udalerrietako udalek bideratu behar dute. Irunen, 1997an HAZ ireki zenetik eta haren Ordenantza arauemailea onartu ondoren, Udalak zerbitzua zentralizatzeko apustua egin zuen, gardentasuna, trazabilitatea eta hurbiltasuna bermatze aldera.