Igande honetan, ekainaren 15ean, irekiko dira San Martzial Txingudiko igerilekuak. Igerilekuen denboraldia irailaren 15era arte luzatuko da. Aurreko urteetan bezala, bi txanda antolatuko dira: goizekoa 11:00etatik 15:15etara izango da, eta arratsaldekoa 16:15etatik 20:30etara. Sarrera eskuratzeko interesdunek Udalaren webgunean eman beharko dute izena, bi eguneko aurrerapenarekin.
Igandetik aurrera, beraz, instalazio guztiak egongo dira martxan: udako igerilekuak eta urte osoan zehar zabalik egoten diren padel eta teniseko kantxak.Gainera, Irungo Udalak gogorarazten du guztion ardura dela San Martzial Txingudiko instalazioak zaintzea eta ondo erabiltzea. Horretarako, aurten ere, kartelak instalatuko dira, gomendioak eta arauak gogorarazteko, hala nola erretzea debekatuta dagoela. Horren xedea ordena mantentzea eta bizikidetza bermatzea da.
Sarrerak
Interesdunek Udalaren webgunean eman behar dute izena, bi eguneko aurrerapenarekin. Sarrerak egunero jarriko dira salgai, 22:00etatik aurrera. Prezioei dagokienez, 18 urtetik gorako helduek 2,20 € ordaindu behar dituzte, eta 4 eta 17 urteko haur eta gazteek, aldiz, 1,80 €. Hiru urtetik beherako umeak doan sar daitezke.
Behin erreserba eginda norbaitek joaterik ez badu, erreserba bertan behera utzi beharko du, webgunean bertan edo 943 627 266 telefono zenbakira deituta. Erreserbak 11:00ak baino lehen utzi behar da bertan behera, goizeko txandako sarreretarako, eta 16:15ak baino lehen, arratsaldekoetarako. Hitzordura agertu ez eta erreserba bertan behera uzten ez dutenek ezingo dute erreserbarik egin hurrengo 7 egunetan.
Garraio publikoa eta aparkalekua
Igerilekuetara iristeko, autobus zerbitzua dago, Fermin Calbetón kaletik abiatzen den hiriko busen 3. lineak geltokia baitu igerilekuen aurrean. Ibilgailu partikularrean joaten direnek, berriz, instalazioko aparkalekuan utz dezakete autoa edo, beteta badago, hilerrikoan, ondoan baitago.



