Gaur aurkeztu dute Irungo Miliak 5K Salto Foundation lasterketaren 10. edizioa izango dena. Ekitaldia ekainaren 8 an, igandean, egingo da Irungo erdialdean. Ekitaldiak osasuna eta kirola jardunaldi bakarrean uztartuko ditu berriro Bidasoa Atletiko Taldearen antolaketari esker. Ekitaldi solidario honek bildutako diru guztia Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearentzat izango da. Probetarako izen ematea Kirolprobak webgunearen bitartez egin daiteke dagoeneko.
Irungo Milien aurten edizioaren aurkezpen-ekitaldian izan dira Borja Olazábal Irungo Udaleko Kiroletako zinegotzia, Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria, Ane Zabala Salto Systemseko Marketin departamentua, ekitaldiko babesle nagusia, Gema Landache Bidasoaldeko Minbiziaren aurkako Elkarteko presidentea, Oihana Palacín gizarte-langilea eta, azkenik Gema Larbide Bidasoako osasun publikoko eskualdeko koordinatzailea.
Irungo Miliak 5K Salto Foundation kirol lehiaketa eta ekitaldi inklusibo eta solidarioa da, adin eta talde guztietako parte-hartzaileei irekia. Jardunaldia ekainaren 8an egingo da, igandea, Irungo erdigunean dagoen zirkuitu homologatu eta lau batean. Irteera eta helmuga Zabaltza plazan egongo dira, Colón pasealekua zeharkatu eta geltokiko zubian eta San Juan plazako bus-trukagailuan biratuz.
Aurtengoa probaren 10. edizioa izango da. Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak adierazi duenez, “Lehenengo edizioetan parte hartzeko zortea izan nuen, eta hunkigarria da nola hazi diren ikustea. Proba desberdina da, inklusiboa, publiko guztiei irekia eta solidarioa. Aldundiak babesten du dagoeneko klasiko bihurtu den hitzordu hau, Irungo kaleak kirolez, elkartasunez eta giro onez beteko dituena”.
Ekitaldiz beteriko goiza
Eguna 9:30ean hasiko da Ohiko Ttipi-Ttapa ibilaldiekin, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin koordinatuta. 25-30 adinekok parte hartzea espero da, baina parte-hartzea irekia da, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Amaieran, parte hartzaileek tortilla eta salda pintxoak dastatuko dituzte.
10:00ean 5 kilometroko lasterketa hasiko da bi irteerekin: 10:00etan 20 minututik gorako marka dutenentzat, 10:45ean 20 minututik beherako marka dutenentzat eta Euskadiko Txapelketa federatuan izena eman dutenentzat.11:10ean Gaitasun fisiko urriko kirolarientzat egokitutako milia, Hank-Bike eta gurpil-aulkien irteera izango da. 11:20ean Milia erdia gaitasun intelektual murriztua duten kirolarientzat, BATeko taldeak eta beste atleta batzuek gogotsu parte hartuz, atletismo eskolako ikasleek lagunduta. 11:30ean berriz, Milia herrikoia eta haurrentzat, 1609 metro korrika egin nahi dutenentzat irekia.
11:45etan Euskadiko Milla Txapelketa, bi lasterketekin: 11:45ean gizonezkoen federatuentzat eta 11:55ean emakumezkoen federatuentzat.
Jardunaldi honen babeslea Salto Foundation izango da. Ane Zabalak Salto Systemseko Marketin departamentutik aipatu duenez, “aurten, berrikuntza gisa, SALTO Foundationekin lankidetzan arituko gara, kirola gizarteratzeko tresna eraldatzaile gisa sustatzeko asmoz sortu baita. Aurten SALTO Foundation aurkeztu dugu, urrats erabakigarria gizarteratzea eta kirolaren bidezko garapen soziala bultzatzeko ahaleginean, mundu osoko katalizatzaile gisa. Kirolaren bidez, SALTO FOUNDATIONek pertsona orok aukera onenak izatea eta pertsonen bizi-baldintzak modu integralean hobetzea du helburu, inor atzean utzi gabe.
Minbiziaren aldeko diru bilketa
Ohiko moduan, 12:10ean Goiza Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldeko martxa solidarioarekin amaituko da. Izen-emateak zabalik daude Kirolprobetan ostiralera arte, baina martxa solidariorako igandean bertan eman daiteke izena, hiru euroko dohaintzarekin. Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariaren hitzetan, “Eskubaloiko Errege Kopa dela eta Irunera doazenak ere gonbidatzen ditugu hitzordu solidario honetan parte hartzera. Normalean korrika egiten ez bada ere, milia oinez egin daiteke. Trafikoarentzat itxita dagoen Colon pasealekutik paseatzea luxu handia izango da”. Bidasoa Atletiko Taldetik azaldu dutenez, “guztiak gonbidatzen ditugu kausa noble honetan parte hartzera edo laguntzera, bildutako diru guztia Minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkartera bideratuko baita”.
Gema Landache Bidasoaldeko Minbiziaren aurkako Elkarteko presidenteak azaldu duenez, “ekitaldi horiei esker, doako zerbitzuak eskaintzen jarrai dezakegu, bai pazienteentzat, bai haien familientzat, Irunen eta Hondarribian”. Elkartetik laguntza psikologikoa, gizarte-arreta eta material ortopedikoaren mailegua (oheak edo gurpil-aulkiak) eskaintzen dituztela gogoratu du, dohainik. Gainera, funts horiek ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen jarraitzeko aukera ematen dute. “Gure egoitza Irunen dagoen arren, arreta Hondarribian ere eskaintzen da, eta pertsona guztiak edozein kontsultatara hurbildu edo deitzera animatzen ditugu”, erantsi du Landachek.
Bidasoa Atletiko Taldetik eskerrak eman dizkiete Irungo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, SALTO Foundationi, Super Amarari eta ekitaldi hau posible egiten duten babesle guztiei. Gainera, herritarrak gonbidatu dituzte haiekin bat egitera kirol eta elkartasun jardunaldi honetan parte hartzera.



