Emakumeen balentriak

“Madrileko emakumeek egin dute balentria…” Horrela hasten dira 1808ko maiatzakoari buruzko bertso lapurtar batzuk. Eta jarraitzen: “Espainian Herodes (hau da, errege tiranoa) eta Frantzian Bonaparte, gerla horrek iraun dezake horiek biak hil arte.”
Bigarren Mendeurrena dela eta, donostiarrek oroitzea erabaki dute; irundarrok, ospatzea. Jakina, galtzaileak ez du zer ospatu, eta garaileak, bai. Garaile, gu? Bada, bai, San Ramon egunean, abuztuaren 31n, San Martzial mendian izandako bataila irabazi genuelako. Areago, armada espainiarrak gerra luze eta anker hartan frantsesen aurka izan zuen garaipen bakarra gurean izan zen, eta gainera aliatuen laguntza gutxirekin, haietako asko eta asko Donostian erretzen eta arpilatzen eta bortxatzen eta hiltzen eta lapurtzen eta mozkortzen lanpetuta zeuden eta.
Oiasso Museoko erakusketak azaltzen duenez, suterik gabe ere Irunen larrutik ez baina lurretik ordaindu zen gerra, zorrak kitatzeko udal lursailen pribatiza-tzeari ekin baitzitzaion.
Baina Irunen ospatu egiten dugu. Eta ez nolanahi: egitandia handikiro berreginda. 40.000 soldaduen gorabeherak eta joan-etorriak antzezteko… ehun lagun pasatxo baino ez; hori bai, emakumeak eta guzti, eta ez kantinera! Non eta Irunen! Erakusketan ikus daiteke  1813an, 1522an ez bezala, kantinerak bazeudela, eta emakumezko soldadurik ez… XVI.ean borrokan ari zirelarik. Tira: zorroztasun historikoa, zibilekiko enpatia, militarren triunfalismoekiko mesfidantza, bere burua nazionalista ez baina “normal” duen nazionalismoa detektatzeko gaitasun falta, agian, ez daude gure bertute kolektiboen artean; baina aitortu beharra dago oraindik orain betiko ezaugarriari, umore zentzuari, eutsi egiten diogula. 1808ko emakume espainolen balentriak Frantziako euskaldunek kantatu zituzten; baina irundarrok ederki jarrai dezakegu kantatzen, jakina erdaraz, akaso letra pixka bat aldatuta:
Irun, Irun, Irun, umore onaren hiria,
sanmartzial ospetsuak heldu orduko,
pozez gainezka San Martzial mendian,
han baitira emakumeen balentriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude