Erromatar Maiatzak:  Maiatzeko egunak; Diebus Maii

Erromatarren espirituen mundua oso aberatsa zen mitologikoki, baina maiatzean bereziki aldaketa momentu bat markatzen zen hainbat gurtzaren bitartez. Urtean zehar egiten ziren erritual eta ospakizunen bitartez tradizio sakon bat mantentzen zen, Panteoiko jainko ezberdinen bitartez osatua (πᾶν, pan, “dena” esan nahi du antzinako grekeraz eta θεός, theos “jainkoa” edo “santua”).

Panteoiko jainkoekin batera, aldi berean etxeko lurreko jainkoen gurtza ere egiten zen. Etxekoen gurtzak oso presentzia inportantea zeukan, lurrazpiko maiteen, etxekoen eta pertsonen gurtza zelako, familia bakoitzean ezberdina zena. Iraganeko arbasoak etxe bakoitzaren barruan zeuden aldareetan bizirik mantentzen ziren hauek gurtzan oroituz.

Lurrazpiko jainko hauek Manes, Lares eta Di Penates-ak ziren. Hildakoen arbasoen gurtza Manes-ei egiten zitzaien (manus hitzetik zetorren, “ona” edo “ongia” esan nahi zuen). Manes jainkoak di inferii edo lurrazpiko hildakoen jainko sakratuen parte ziren, Lares eta Di Penates-ekin batera. Hauek gurtza pertsonalak ziren, askotan odolezko familiako arbasoen espirituei zuzenduak. Erromatarrek laguntza behar zutenean Manes jainkoei gomendatzen ziren otoitzean. Etxeko espiritu zaindariak Lares-ak eta Di Penates-ak ziren etxekoei eta etxeko biltegiari babesa ematen zietenak. San Agustinek zera idatzi zuen Manes espirituen inguruan:

…Apuleiok esanda: ‘ baietz, gizakien arima daimon-ak direla eta gizakiak Lares bihurtzen direla onak badira, Lemures edo Larvae gaiztoak badira, eta Manes ez baldin badago argi ongia edo gaizkia merezi duten’…”

-Jaungoikoaren hiria, IX. liburua, 11. –

San Agustinek zehaztu zuen bedeinkatuak Grezieraz εὐδαίμονες (eudaimones) deitzen zirela, arima onak zirelako eta horrek esan nahi zuela, daemon/daimon onak (itzulia “jainko”, “indar”, “patu”-emailea, zorte banatzailea), baieztatzen zutela gizakien arima daemon-ak zirela.

Maiatzeko egunetan  jainko berezi batzuei hainbat ospakizun eskaintzen zitzaizkien. Hilabeteko gurtzek babesa ematen zuten eta jainko haiei zuzendurik egiten ziren eskaintzak, udaberriaren berpizkunde sinbolikoari hasiera eman nahi ziotelarik. Udaberriko energiak berriztu eta urtean zehar pilatutako energia negatiboak aldatzeko egiten ziren; besteak beste, Maia, udaberriaren jainkosa zelako erromatarrentzat, sorrera eta hazkundearena.

Hilabetea hasten zen egunean (maiatzaren Iean) Lares Praestistes izeneko ospakizuna egiten zen, zaindari ziren Lares jainkoei zuzendurik. Egun berean Bona Dea jainkosaren eguna zen, gurtza publiko baten bitartez gauzatzen zena. Bona Dea emankortasunaren eta sendatzeko jainkosa zen, emakumezkoen munduarekin, emankortasunarekin, sorrera eta hazkundearekin erlazionaturik zegoena.

Hurrengo ospakizuna, Lemuria edo Lemuralia zen (maiatzaren IX-XIIIan) 9-11 eta 13a bitartean egiten zena. Lemures edo larvae izeneko lurrazpiko jainkoak hildakoen eta bizidunen arteko espiritu gaiztoak ziren, arima egonezinak ziren, gauean aritzen zirenak jendea izutzen. Ospakizunaren helburua Lemures edo Larvae-ak izutzea eta haien gorrotoa uxatzea zen. Lemures-ak izua ekartzen zutela esaten zen, iluntasunarekin loturik zegoena.

Argei (maiatzaren XIVan) egiten zenean, prozesioan, Erroma garbitu egiten zen familia bakoitzak utzitako lastozko panpinak jasoaz, gaitz guztiak xurgatzeko utziak zirenak. Sinbolikoki berpizkunde bat izaten zen iraganeko eraginak itxi eta irekiera berri bat sortzeko.

Mercuralia-n (maiatzaren XVean), Merkurio jainkoaren eta Maia bere amaren jaia ospatzen zen. Maia udaberriaren jainkoa zen bitartean, Merkurio merkatarien jainkoa zen. Maius-maior, handiagoa esan nahi zuen, beraz, maiatza, irekiera, edo hasiera berri bat baino gehiago, hazkunde garai baterako aukera zen, heldu beharreko garaia izanik gizakientzat.

Hirugarren Agonalia ospatzen zen (maiatzaren XXIean), Vediovis jainkoaren omenez egiten zen, jatorrian agian etruriar Veive jainkotik zetorrena. Infernuko eta heriotzaren jainkoa zen, trumoi elektrikoen izpiak zituena bere esku batean, bestean gezi sorta bat eusten zuelarik. Bere ohorez ahuntzak sakrifikatzen ziren izurriteak saihesteko.

Ondoren, Fortunae Primigeniae ospatzen zen (maiatzaren XXVean), zortearen jainkosari zuzendua zoriarekin eta igarpenarekin loturik zegoena. Azkenik, Ambarvalia ospatzen zen, lurzoruen garbiketari eta uztei zuzendua. Hortaz, Maiatzeko (Maius) erritu guztiak, sinesmen mitologikoetan oinarriturik, gizakiengan eragina sortzeko, eta babes eta jainko onen eragina lortzeko helburuarekin egiten ziren, jainko gaiztoak saihesteko eta gizakien daemonengan Manes eta Lares-ak gailentzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude