Denboraldian ondo hasi ez zen arren, norabide egokiari heldu dio Zaisa-Irun errugbi taldeak abenduaz geroztik. Kanpazar liderraren etxean galdu zuen azaroaren 30ean, Arrasaten. Aurrerantzean, geldiezina izan da Irungo taldea. Sailkapeneko laugarren tokira iritsi da, eta igoera fasea jokatzea helburu jarri du dagoeneko.
Aldaketen garaia bizi du Irun Rugby Taldeak. Hasteko, kategorien antolaketarekin saltsa izan delako azken urteotan. Lehen Maila Nazionala desagertu egin da eta Euskal Liga bitan banatu dute. Talde irundarra Euskal Ligako bigarren mailan ari da aurten, estatuko laugarren kategorian. Gainera, jokalarien joan-etorria ere sufritu du Plaiaundiko taldeak. “Duela bi urte Iparraldeko bizpahiru jokalarik errugbia uztea erabaki zuten, adin kontuagatik edo lesioak zirela eta”, azaldu du Iñigo Camarero “Kamata” jokalari beteranoak. Galera horien ondorioz, taldearen mailak behera egin zuen nabarmen.
Arazoari irtenbidea emateko, harrobiarengan jarri zuen itxaropena Zaisa-Irunek. Baina gazteen taldea 18 urtez azpikoa da, eta hortik Euskal Ligan lehiatzera alde handia dago. Hala uste du Iñigo Camarerok. “Gaztetxo batzuk jokalari onak dira, baina mailara egokitzea kostatzen zaie”. Ondorioz, joan den urtean sasoi kaxkarra egin zuen Zaisa-Irunek. 2014/2015 denboraldian ere, kili-kolo hasi ziren beltzak. Lautik hiru partida galdu zituen Irunek lehiaketaren lehen hilabetean. Baina pixkanaka esperientzia hartuz joan ziren gazteak, eta beharrezko sendotasuna lortu zuen taldeak urtearen amaierarako. Garaipenak kateatzen hasi ziren, edozein aurkariri irabazteko gai direla erakutsiz.
Laugarren postuan daude orain, eta eskura ikusten dute Euskal Ligako lehen mailara igotzeko aukera. Denboraldiaren amaieran sailkapeneko hirugarren tokian dagoen taldeak igoera fasea jokatuko du. Momentu honetan, Getxo C du aurretik Zaisa-Irunek. Filiala da, eta ezin da igo. Beraz, fasea jokatzeko txartela eskuratuko luke Irunek horrela bukatuz gero. “Arrasate liderraren kontrakoa da geratzen zaigun partida zailena, baina Plaiaundin izango da. Hori irabaziz gero, aukera asko izango dugu igoera fasean sartzeko”, adierazi du Iñigo Camarerok. Martxoaren 28an izango da Arrasateren aurkakoa.
Errugbia zabaltzeko lanean
Etorkizunean ere jokalari gazteekin taldea indarberritzeko, ezinbestekoa izango da harrobia oinarritik lantzen jarraitzea. 18 urtez azpiko talde bat dauka Irunek, eta 16 urtez azpiko beste bat. Eskoletako haurrak erakartzeak duen zailtasuna dela eta kexu da Iñigo Camarero: “Ez da lan erraza. Aurretik jartzen dituzte beti futbola edo beste hainbat kirol”. Erronka horri aurre egiteko, Txingudiko Errugbi Eskola sor-tzeko akordioa sinatu du Irun Rugby Taldeak Hendaiako Staderekin. Elkarlanean “indar gehiago” egin dezaketela uste du.
Irungo neskak ere hasi dira errugbiaren mundura hurbiltzen. Oraindik ez dira taldea osatzeko adina, baina Irun Rugby Taldeak irtenbidea eman die. Joan den urtean Eibarreko neskekin aritu ziren, eta aurten Hernanikoekin lehiatzen dabiltza. “Esperientziarik gabeko neskak ziren gehienak, eta pixkanaka ikasten ari dira”, aipatu du Iñigok. Elkartearen asmoa da etorkizun hurbilean Irungo emakumezkoen errugbi taldea atera ahal izatea.