Irungo Udaleko Euskara zerbitzuak, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean, Mintzapraktika egitasmoaren edizio berria jarri du martxan. Aurten, “Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, irundarrak euskara praktikatzera eta hizkuntza eguneroko zaletasunekin uztartzera gonbidatu nahi dituzte, erabilera erosotasunetik eta lagunarteko giroan sustatzeko. Izen-emateak berriro aktibatu ostean, Mintzapraktikak bidelagun izango direnen behar berezia du orain, talde berriak sortu ahal izateko.
Maritxu Arakistain, Mariam Muguruza, Aurora Holgueras, Joseba Arza eta Pakita Etxegoien Esnaola mintzalagunak dira. Zehazki, bi talde ezberdinetan elkartu ohi dira Irungo mintzalagun hauek, baina, helburu berarekin: euskara praktikatzea. Bakoitzak ibilbide ezberdina egin du euskara ikasteko prozesuan eta taldera batzeko arrazoiak ere askotarikoak izan dira. Miriam, adibidez, haurrak ikastolara apuntatzerakoan hasi zen euskara ikasten; Maritxuk baserrian ikasi zuen euskaraz, baina hobetzeko beharra ikusten zuen; Aurorak haurdun geratu zenean ekin zion euskara ikasteari; Josebak euskara praktikatzeko beste lekurik aurkitzen ez zuelako erabaki zuen Mintzalagunak egitasmora batzea. Izan ere, bide ezberdinetatik izan zuten euskara praktikatzea helburu duen egitasmo honen berri: udaleko informazio kanalen, euskaltegiaren, irratiaren edo lagunen baten gomendioarengatik, besteak beste.
Egitasmoaren funtzionamendua oso erraza da: euskara praktikatu nahi duten pertsonak astean behin elkartzen dira euskaraz aritzeko prest dauden euskaldunekin, bidelagun papera hartuko dutenekin, hain zuzen ere; horixe da Pakita Etxegoien Esnaolaren kasua. Talde hauen helburua ez da klase akademikoak ematea, baizik eta hizkuntza modu naturalean eta beldurrik gabe erabiltzeko konfiantzazko guneak sortzea. Maritxu Arakistainek adierazi duenez, “talde ezagun batean aritzeak euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko konfiantza handiagoa ematen dizu”. Bide beretik, Aurora Holguerasek aipatu du Mintzapraktika taldeak praktikarako espazio seguruak direla, parte-hartzaile guztiak euskara ulertzeko gai direla ziurtatua baita. Saioak edonon eta edonola egin daitezke, kideen gogoaren arabera: kafe bat hartzen, paseatzen, bizikletan ibiltzen edo mendi irteera batean. Gakoa da euskara eremurik formalenetatik atera eta eguneroko bizitzako ekintzaren parte bihurtzea.
“Nire ikuspuntutik euskara ikasteko modua ez da gramatika ikastea: hitz egitea eta praktikatzea baizik”
Joseba Artza, Mintzalaguna
Taupa Euskaltzaleen mugimenduko lantaldea arduratuko da egitasmoaren behar guztiez eta Mertxe Gerriko da programaren arduraduna. Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Euskara ordezkariak aipatu du “euskaltzaleen mugimenduaren baitan Euskal Herri osoan martxan dauden gainerako mintzapraktika egitasmoetan pilatutako eskarmentua eta esperientzia gehituko dizkio Taupak Irunen orain arte eginiko lanari. Irun euskaltzalea dela argi dugu eta hau da hori erakusteko garaia”.
Taldeak adinaren eta zaletasunen arabera antolatzen dira, kideen arteko konfiantza eta harremana errazteko. Normalean, astean ordubeteko hitzordua izaten dute, baina badaude hamabostean behin edo hilean behin elkartzen diren taldeak ere. Hala ere, Joseba Arzak adierazi du beren taldean gustura aritzen direnez, askotan, ordubete labur geratzen zaiela eta denbora gehiagoz ere luzatu izan dutela topaketa behin baino gehiagotan. Orain, gainera, Euskara zerbitzutik aurreratu dutenez, programak ekintza osagarriak eskainiko ditu urtean zehar, hala nola tailerrak, txangoak eta topaketa bereziak. Beraz, parte hartzeko baldintza bakarrak adin nagusikoa izatea eta euskaraz aritzeko gogoa izatea dira.
Izen–emate etengabea
Urtarrilaren amaieran Mintzapraktika egitasmorako izen-emate kanpaina iragartzeko prentsaurrekoa antolatu zuen Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak. Horren ostean, 45 lagunek egitasmora batzeko interesa azaldu dute. Parte hartu nahi duen orok honako bideetatik eman dezake izena: Taupa mugimenduaren webgunean, 688 86 53 98 telefonora deituz edo mpirun@taupamugimendua.eus helbidera idatziz. Izena emateko epeari dagokionez, Udaletxean egindako prentsaurrekoan Mertxe Gerrikok azpimarratu zuen, berez, epea ez dela inoiz ixten, eta beraz, uneoro izango da Mintzapraktikara batzeko aukera.
Bidelagun berrien bila
Mintzapraktika egitasmoaren bihotza bidelagunak dira. Euskaraz konfiantzaz hitz egiten duten pertsonak dira bidelagunak, euskara ikasten edo praktikatzen ari direnei beren denboraren ordutxo bat eskaintzen dietenak. Joseba Arzak aipatu duenez, “Nire ikuspuntutik euskara ikasteko modua ez da gramatika ikastea: hitz egitea eta praktikatzea baizik”. Gaur egun, bidelagunen behar handia du Irunek; izan ere, zenbat eta euskaldun gehiagok eman izena boluntario gisa, orduan eta talde gehiago osatu ahal izango dira.
Orain dela gutxira arte, German Eizaguirre astelehenetako bidelaguna zen, zendu arte. Pakita Etxegoien Esnaola berriz ostegun arratsaldeetan 17:30ean elkartzen den taldean bidelaguna da. “Jubilatu egin nintzen eta, hizkuntzari bultzada eman nahian, nire burua laguntzeko eskaini nuen” adierazi du Pakitak. Irunen jende askok euskara praktikatzeko zailtasunak dituela kontuan izanda erabaki zuen berak pausua ematea. Osteguneko taldeko bidelagunak azaldu duenez, orain Irungo Udalak Mintzapraktika egin ahal izateko lokala utzi die Palmera Montero gunean. Dena den, osteguneko taldeko bidelagunak azaldu duenez, “interesgarriago litzateke hiriko erdialdean legokeen lekuren bat lortzea”, izan ere, partaide guztiek topalekura iristeko erraztasun handiagoa izan dezaten.
“Irun euskaldun bat egin behar dugu”
Pakita Etxegoien Esnaola, Bidelaguna
Mintzapraktikan parte hartuz taldekideek hizkuntzaren erabileran bilakaerarik ote duten galdetuta, Pakita Etxegoienek baietz erantzun du, batez ere, euskara ikasten hasiberriak diren horiengan nabariagoa baita aldea. Ondorioz, arrazoi batengatik edo bestearengatik norbaitek taldea uzten duenean, lortutako hitz-jarioa modu nabarmenean murrizten da praktika ezaren ondorioz. Hain zuzen ere Aurora Holguerasek gogoratu du hitz egiteko gidoi edo ariketa zehatzik gabe elkartzen direla, eta gehienetan “entzundako gertakariak edo albisteak izaten direla hizketan hasteko abiapuntuak”.
Bidelaguna izatea ez da “irakasle” izatea. Nahikoa da euskaraz naturaltasunez komunikatzea eta bidelariekin hitz egiteko prestutasuna izatea. Bidelagun bezala, mintzakideak laguntzeaz gain, egitasmoak asko ikasteko aukera ematen duela nabarmendu du Pakitak: “gu ez gara irakasleak, moderatzaileak baizik eta txandak banatzeaz edo gaiak proposatzeaz arduratzen gara soilik”. Horien egitekoa sinplea baina eraldatzailea da: euskaraz hitz egiteko beldurra duten horiei segurtasuna ematea eta herrian euskarazko harreman sareak zabaltzea. Hain zuzen ere, bidelagunen egiteko nagusia elkarrizketa sustatzea da, partaiderik lotsatienak ere hitz egiteko txanda aurkitu dezan. Asteko ordubete soil batekin ere eragin handia izan dezake Irungo kaleetan euskara gehiago entzun dadin. Izan ere, Pakita Etxegoien Esnaolak azpimarratu duenez, “Irun euskaldun bat egin behar dugu”.
Joseba Arzari egindako elkarrizketa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



