Askotariakoak dira Hizkuntza Normalkuntza Batzordetik eta Euskara mintegitik urtero bul-tzatzen ditugun ekimenak; horietariko batzuk ekarriko ditugu gogora zerrendatze honetan:
Zuberoa tailerra: DBH 3ko ikasleekin antolatzen dugu. Astean behin elkartzen gara atsedenaldian muxikoak ikasteko. Gero, martxoaren erdialdean hiru egunez Zuberoara goaz maskaradez gozatzera.
Beire tailerra: DBH 4ko ikasleekin antola-tzen dugu. Hor ere astean behin elkartzen gara, euskal jota pare bat ikasteko. Nafarroako Erdialdea ezagutzea du helburu, ekonomia zein historia aldetik. Herri esanguratsuak bisitatzen ditugu: Pitillas, Beire, Uxue, Erriberri, Tafalla eta Artaxoa. Bi eguneko bidaia egiten dugu.
Karaokea: Euskal musika ezagutzeko asmoz hiru hilabetean behin karaoke bat prestatzen dugu ikasle guztiekin. 8 abesti eskaintzen ditugu eta talde bakoitzak berea aukeratu eta prestatzen du gelan, euskarako irakaslearekin. Helburua da euskal musika ezagutu eta kantatzea.
Literatur lehiaketak: Literatur sormena lantzeko eta horretan trebatzeko antolatutako lehiaketak dira hauek. Ikasle guztiek parte hartzen dute bertan eta urte bukaeran idazlan sarituekin liburu bat ateratzen dugu.
Horretaz guztiaz gain, bi urtetik behin KORRIKAri heltzen diogu, eta aurten 18.a egokitu zaigu; hartarako hainbat ekimen prestatu ditugu:
Plastikan marrazkiekin eta leloarekin bost pankarta prestatu dituzte eta Txingudiko korrika bukatzean zintzilikatu ditugu, ea bi urte irauteko gai diren.
Musikan Korrikaren abestia eta “euskaraz bizi nahi dut” prestatu dute, eta bukatzeko, ZUMBA koreografia dantzatu dute, soinketako mintegiaren laguntzaz. Euskara mintegikook leloa, ibilbidea eta datak landu ditugu. Martxoaren 22an, ostirala, gure IKASTOLAKO KORRIKA burutu dugu, eta bideoz grabatu.
Aurrera KORRIKA, Aurrera EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA.
Txingudi Ikastola BHI