Joan den ostegunean, Irungo Dunboa, Toki Alai eta Beslakoenea ikastetxeetako familiek, Irungo baliabide eta eragile ezberdinak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten. Familia Laguna programatik antolatutako “Irungo baliabideak ezagutzen” jardueraren bidez. Urtero egin ohi den ekimena da, eta herrira bizitzera etorri berri diren familiei zuzentzen zaie, batik bat.
Jarduera Palmera Montero Gunean izan zen, eta Udaleko Esku Hartze Komunitarioko, Haurtxokoetako, Gaztelekuetako, Kale Hezitzaileetako, AEK-ko, Kera elkarteko, Adiskidetuak elkarteko, Bizi Irun elkarteko eta Txingudiko elkarte Feministako ordezkariek parte hartu zuten. Era berean, Kaleko Hezitzaileen inguruko informazioa eman zitzaien bertaratu zirenei.
Topaketa arrakastatsua
Gerturatu ziren familiek, adierazi dute ekimena beraien errotze prozesurako oso interesgarria egin zitzaiela, eta positiboki baloratu dute informazio zuzena eta gertukoa eskuratzeko aukera. Era berean, antolatzaileek gogorarazi dute horrelako topaketek harremanak sortzeko eta komunitatearekiko lotura sendotzeko aukera ematen dutela.



