Gaur goizean ‘Familia Ola‘ eta ‘Haurrak Parkean’ programen hirugarren txanda aurkeztu dute. Bertan izan dira Irungo Udaleko Euskarako ordezkari Josu Iguíñiz eta Hezten elkartearen eta ‘Familia Ola’ eta ‘Haurrak Parkean‘ programen arduradun Maria Viñas. Programen helburua Irungo familien artean euskararen erabilera areagotu eta sustatzea da, eta, horretarako, 2 eta 8 urte arteko haurrak dituzten familiak euskaraz harremanetan jartzeko aukera ematen da.
Ordezkariaren esanetan, “aste honetan ‘Familia Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’ programen txanda da, aurretik Euskaraldiaren laugarren edizioa eta ‘Solas Jolas’ udalekuak aurkeztu ondoren. Garrantzitsua da herritarren hizkuntza-ohituretan sakontzea, eta, horretarako, familiei zuzendutako bi programa hauek beste aukera on bat dira hirian euskararen erabilerari beharrezko bultzada emateko”.
Hona hemen ‘Familia Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’ programen maiatzeko egitarau osoa:
‘Familia Ola’
Hiru jarduera izango dira, eta maiatzaren 9ra arte eman ahalko da izena, www.irun.org helbidean. Gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahalko dute saio bakoitzean, eta haurrek Irunen erroldatuta edo hiriko ikastetxe batean matrikulatuta egon beharko dute.
Hilaren 13an eta 15ean, papiroflexia tailerra, 17:30etik 19:00etara, Eguzkitza HLHIn.
Hilaren 20an eta 22an, zirku tailerra, 17:30etik 19:00etara, Eguzkitza HLHIn.
Maiatzaren 17an, irteera Bedaiora (Tolosara) Balerdipeko Erleak zentrora.
‘Haurrak Parkean’
Irungo lau plaza eta parketan, haurrak euskaraz jolastuko dira, adinaren araberako bi taldetan: batetik, 3 eta 5 urte arteko haurrek Zabu-Zibu taldea eratuko dute, eta, bestetik, 6 eta 9 urte arteko haurrek, Txirrintxon taldea. Hona hemen egutegia:
Maiatzaren 7, 14, 21 eta 28an, 17:00etan (Zabu-Zibu) eta 18:00etan (Txirrintxon), Oñaurreko parkean eta Nagore Laffage parkean.
Maiatzaren 9, 16, 23 eta 30ean, 17:00etan (Zabu-Zibu) eta 18:00etan (Txirrintxon), Olaketa parkean eta San Juan plazan.
Tailerretan, gurasoek ere parte hartzen dute, eta, helburua familia euskaraz aritzeko gune eta momentuak eskaintzea denez, jarduerak euskaraz izaten dira osorik, eta familiek hori ziurtatzeko ahalegina egin behar dute.