Irungo Udalak, GazteARTEan Gazteria zerbitzuaren bidez, Familia ta Lagun programaren beste saio bat antolatu du urtarrilaren 31rako, larunbatarekin. Oraingoan, familientzako joskintza tailerr antolatu da. Goizeko 10:30etatik 12:30etara izango da Martindozenea gaztelekuan. Tailerrean parte hartzeko izen-emateak hilaren 28ra bitarte egin daitezke, Irungo Udalaren webgunean.
Jardueran, familiek josteko makinak erraztasunez eta segurtasunez erabiltzen ikasiko dute, eta saioa amaitzean etxera eramango duten bizkar-zorro dotore bat josiko dute. Tailerra Sonia Ruipérez irundarrak zuzenduko du, eta parte-hartzaileei laguntza eskainiko die une oro.Sormena lantzeko proposamen eta jarduera bat da, eta familian gozatzeko, elkarrekin aritzen ikasteko eta ikaskuntza partekatua sustatzeko pentsatuta dago.
Jarduera doakoa da, baina bertan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik Irungo Udalaren webguneko GazteARTEan atarian, urtarrilaren 23tik 28ra, edo toki guztiak bete arte. Parte-hartzaileentzako gomendatutako gutxieneko adina 6 urtekoa da.
Familia ta Lagun
Familia ta Lagun programa 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat pentsatuta dago, eta helburua da aisialdiaz familian gozatzeko gune bat sortzea, hainbat jarduera sortzaile, dibertigarri eta hezigarriren bidez.
Ekainera arte, Gazteria zerbitzuak jarduera bat antolatuko du hilero programa horren barruan, eta askotariko planak proposatuko ditu, hala nola uretako kirolak, yoga, Familychef, bizikleta paseoak eta sormena lantzeko tailerrak, betiere parte-hartzea, sormena eta gozamen partekatua sustatuta.



