Ficobak urte positiboa izan du berriz ere, parametro guztietan. Ekitaldi kopuruak goranzko joerari eutsi dio, 285 jarduera egin baitziren, aurreko urtean erregistratutako 267en aurrean. Ekitaldi horien barruan, nabarmentzekoa da ekitaldi sozialen epigrafean sailkatutakoen funtzionamendu ona. Hor sartzen dira ikuskizun, ospakizun eta ekitaldi kulturalak, eta 2023an 59 izatetik 2024an 71 izatera pasatu dira. Gainera, lan-eskaintza publikoek eta azterketak portaera ona izan dute, eta 15 azoka antolatu dira, 2023an baino bat gehiago.
Ficobako jardueraren bilakaera positibo horrek okupazio-egunen gorakada bat ekarri du, 2023ko 310etatik 2024ko 320etaraino igo baita.
Bisitarien datuek ere igoera izan dute, 2023ko 135.000tik 2024ko 145.000ra igarota. Fakturazioak 2.300.000 euroak gainditu ditu aurten ere, eta lurraldean eragindako efektua 32,9 milioi euroan zenbatetsi da.
2024ko ekitaldi nagusien errepasoa
Jarduerak askotarikoak izatea da Ficobaren DNA, eta era guztietako ekitaldien egoitza izateko gaitasunak gora egiten du urterik urte: azoketatik hasi eta kongresuetara, kirol-probak, kontzertu handi zein txikiak edo enpresen ekitaldiak ahaztu gabe.
Moldatzeko erraztasun hori oso presente dute ekitaldiak antolatzen dituzte enpresek, Ficoba aukeratzen baitute beren ekitaldiak zabaltzeko. Esate baterako, Rethink Vintage, vintage arropa pisuan saltzeko azoka: 2024an egin zen Ficoban lehen aldiz, eta urtean bi edizio egingo dituztela berretsi dute. Hurrengoa, otsailaren 22an eta 23an.
Ficoban antolatu eta errepikatu duen beste ekitaldi berezi baten adibide da Twing Raid. Elkartasunezko rally horrek antolatzaile frantsesak ditu, Ficobatik abiatzen da eta 10 egunez Irundik Marrakechera joaten da, laguntza solidarioa banatzeko. Iaz 200 parte-hartzaile izan ziren. Bihar, otsailak 25, asteartea, 256 ibilgailu irtengo dira Ficobako aparkalekutik, 512 parte-hartzailerekin. Oraingoan parte-hartzaileek dohaintzan emandako 1.000 kg elikagai eta higiene-produktu banatuko dituzte behar handiena duten kolektiboen artean. Gainera, Marokoko zenbait eskolatan materiala banatzeko helburua ere badu.
Iaz, bestelako ekitaldi batzuk ere lehen aldiz antolatu ziren Ficoban, hala nola Merkalan enplegu-azoka, Lanbidek antolatua; CIFF Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Kongresua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Departamentuak antolatuta; Itzulia Basque Country lasterketaren irteera; Roberen kontzertua Ficobako kanpoko erakusketa-eremuan; baita zenbait ekitaldi profesional ere, hala bola Errepide bidezko bidaiarien garraioko ETEen III. kongresu nazionala, Direbusek antolatua; Gipuzkoako Turismo Industriaren I. Topaketa eta Euskadi Gastronomika Festaren sarien banaketa.
Horri guztiari dagoeneko Ficobako ohiko egutegiaren parte diren ekintzak batu behar dira, esate baterako, MUBIL Mobility Expo, Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala, aurten laugarren edizioa egin duena; eta Uhinak, klima-aldaketaren eta itsasertzaren inguruko mugaz gaindiko kongresua, aurten seigarren edizioa izan duena.
2025eko hasiera
Kanpoko antolatzaile profesionalek antolatutako proposamen berriak jasotzeko ildo horretan, Burger Fest jaialdia Ficoban izan da urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra arte: 12 foodtruckekin eta gourmet eta premium hanburgesen eskaintza zabalarekin, 30.000 lagun inguru pasatu dira Ficobako 3. pabiloitik.
Eta, hasiera handi horren ondoren, goraldiak ez du etenik izango datozen asteotan. Martxoan Ficoba fundazioak sustatutako bi hitzordu handi izango ditugu. Alde batetik, martxoaren 18an eta 19an Unireren bigarren edizioa egingo da, soldadurari eta lotura-teknologiei berariaz eskainitako estatuko azoka profesional bakarra. 80 enpresak baino gehiagok berretsi dute parte hartuko dutela, eta Ficobako hiru pabiloiak beteko dituzte. Bestalde, martxoaren 28tik 30era Ababor itsas azokaren hirugarren edizioa egingo da. Itsas jardueretan aritzen diren edo aritu nahi dutenei zuzenduta dago, eta Euskadiko eta Frantzia hego-mendebaldeko sektoreko enpresa nagusiak biltzen ditu. Martxorako, gainera, Caravanturen bederatzigarren edizioa antolatu da.
Beste albiste on bat da Ficoba hautatu dutela beste behin ere Eusko Skills lanbide-heziketaren olinpiadak antolatzeko, maiatzaren 13tik 15era, LHko ikasleen abileziak eta talentua nabarmentzeko xedearekin. Edizio hau zabalagoa izango da, eta sektore profesional gehiago txertatuko dira. Beste urte batez ere, Ficoban egingo dira lan-eskaintza publiko askoren deialdiak, eta jende andana erakarriko dute.
Berritasun batzuk aipatzearren, Antzineko Objetuen Azoka, urriaren 25ean eta 26an, edota Gureak-en 50. urteurrena, Ficobak 4.000 pertsona inguru bilduko dituena. Antolakuntzaren aldetik, beraz, erronka handia izango da. Ficobaren egutegiko ohiko hitzorduen artean, 2025ean beste edizio bat egingo dute Bioterra Euskadiko eko azokak, Be Veggie jaialdi beganoak, Ficoauto aukerako ibilgailuen azokak, aurten 20 urte beteko dituen katu azokak edo aurten bi egunera luzatuko den Txakurren Nazioarteko Erakusketak.
Hurrengo ekitaldi garrantzitsuak
- Twing Raid. Otsailak 25
- Irun Ekintzan sariak. Martxoak 6
- IX. Caravantur, karabanen eta osagarrien azoka. Martxoak 7-9
- Azterketa nautikoak. Martxoak 12
- II. Unire, soldaduraren eta lotura-teknologien azoka. Martxoak 18-19
- Krea ekintzailetza, sorkuntza eta berrikuntzaren topaketa. Martxoak 27
- Ababor itsas azoka. Martxoak 28-30
- XVIII. Nazioarteko Katu Erakusketa. Apirilak 5-6
- XLIII. Nazioarteko Txakur Erakusketa. Apirilak 26-27
- HABE azterketaldia. Maiatzak 8-10
- Eusko Skills. Maiatzak 13-15
- Eskolarteko olinpiada txikiak. Maiatzak 21
- Enpleguaren astea. Maiatzak 22
- Alardealdia. Maiatzak 25
- XXII. Bioterra, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka. Ekainak 6-8
- Sanmartzialetako herri-bazkariak eta azokak. Ekaina
- HABE azterketaldia. Urriak 2-4
- IX. Los Muñecos de la Tarta, ezkongaien azoka. Urriak 18-19
- Antzineko Objetuen Azoka Azoka. Urriak 25-26
- Gureak-en 50. urteurrena. Urriak 31
- Azterketa nautikoak. Azaroak 6
- Beldurraren pasabidea. Azaroak 8
- XIII. Ficoauto aukerako ibilgailuaren azoka. Azaroak 14-16
- VI. Be Veggie jaialdi beganoa. Abendua



