Puiana Kaleko 18. zenbakian dago konponbide integralak eskaintzea helburu duen Garbi Goxo zentroa. Urtebete baino gehiago igaro da autozerbitzuko makinen bitartez eta espazio berean garbitegia, txakur garbitegia eta vending salmenta makinekin zerbitzua ematen hasi zenetik. Orain, txakur garbitegia berritzeaz gainera, txakurren ile apainketa eta paseoak eskaintzen hasi dira. Nerea Izuzkiza jabeak azaldu dizkigu berrikuntzak.
Nerea Izuzkizak esan digunez, “Garbi Goxok martxa onean funtzionatzen jarraitzen du”. Orain, bezeroen eta erabiltzaileen iradokizunak entzunez, aldaketa batzuk egin dituzte, zerbitzu eskaintza zabaltzeaz gainera. Berrikuntza guztiek maskotekin dute zerikusia. Izan ere, Garbi Goxo Puianako txakur parke parean kokatuta dago, eta beraz, zentroaren kokapena ezin hobea da maskoten jabeentzat, asko eta asko atetik igarotzen baitira parkera bidean edo txakurrak ateratzerakoan.
Maskoten garbitegi berritua
Hasieratik Garbi Goxok maskoten garbitegia zuen, jabeek autozerbitzu makina erabiliz erosotasun osoz beren animaliak garbitzeko aukera izan zezaten. Berriki ordea, instalazio aldetik espazio horretan aldaketak egin dituzte. Maskotak garbitzeko autozerbitzu makina ordezkatu eta berria jarri dute; urtebete ondoren, hobekuntzak gauzatzeko aldaketak egin dituzte. “Makina berri honetan, bainuontziaren altuera moldatu daiteke, jabearentzako garbiketa errazagoa izan dadin”, azaldu digu Nerea Izuzkizak.
Gainera, aurreko makinan lehorgailuak ez zuen oso ondo lehortzen eta oraingoa hobeto dabil, bezeroak gusturago daude, pozik. “Jendeak asko eskertzen ditu hobetzeko egiten ditugun ahaleginak, nahiz eta aldaketa txikiak izan”, azaldu digu Izuzkizak. Erabiltzaileek bereziki eskertzen dute etxetik kanpo txakurrak erosotasun osoz garbitzeko aukera izatea: “gure bezeroek behin eta berriro errepikatzen dute Garbi Goxori esker txakurra etxea zikindu gabe garbitzeko aukera dutela”. Izan ere, etxean jendeak txakurra komunean garbitu ohi du eta, kontu guztiz egin arren, saihestezina da dena zipriztintzea. Garbi Goxon, berriz, maskotak garbitzeko diseinatua eta pentsatua izan den espazioa eskaintzen dute. Nerea Izuzkizaren hitzetan, “bereziki tamaina handiko txakurrak dauzkaten pertsonentzako laguntza handikoa izan daitekeela uste dugu”.
“Jendeak asko eskertzen ditu hobetzeko egiten ditugun ahaleginak, nahiz eta aldaketa txikiak izan”
Nerea Izuzkiza, Garbi Goxoko jabea
Ordainketa aldetik ere, berritasunak daude. Lehen maskoten garbitegia ordaintzeko aukera bakarra txanpon bidez egitea zen. Orain, makina berriak datafonoa du, eta beraz, ordainketa txartelarekin ere egin daiteke. “Jendeak eskatzen digunaren arabera, gu ahal dugun heinean egokitzen eta hobetzen saiatzen gara”, gaineratu du Garbi Goxoko jabeak.
Nerea Izuzkizak adierazi digunez, inork ez ditu txakurrak jabeak baino hobeto ezagutzen. “Gainera, txakur asko bainatu bitartean jabearekin lasaiago daude”, erantsi du Garbi Goxoko jabeak. Era berean, txakurrentzako ile apainketa zerbitzua eskaintzen hasi direnez eta ile apaintzailea bertan dagoenez, ahal duen guztian laguntzen die txakurrei. “Autozerbitzuko makina izan arren, nik beti telefonoa eskura izaten dut eta dei bidez zalantzak dituzten bezeroei laguntzen diet”, erantsi du Izuzkizak. Are gehiago, beharrezkoa bada zentrora ere gerturatzen da egoera hobeto kudeatu ahal izateko. “Telefonoaren beste aldetik bada ere, jendeak laguntzeko prestutasun hori asko eskertzen du”, adierazi digu Garbi Goxoko jabeak.
Ile apainketa
Maskota garbitegi berriaz gain, Garbi Goxon txakurrentzako ile apainketa zerbitzua eskaintzen hasi dira. “Ostiraletan hasi gara ile apainketa zerbitzua eskaintzen eta momentuz zita guztiak betetzen ari zaizkigu”, azaldu digu Nerea Izuzkizak. Harrera ona ikusita, aurrerago egun gehiagotan zerbitzua eman ahal izateko aukera aztertuko dute.
Nerea Izuzkizak aipatu duenez, “jendea oso pozik dago zerbitzu berri honekin”. Ana ile-apaintzaileak aurretik horretan lan egin duenez, jende asko ezagutzen du. Ile apaintzaileak eskaintzen dituen zerbitzuak hauek dira: bainua, ile mozketa, azazkalen mozketa eta belarrien garbiketa. Zerbitzua erabili ahal izateko beharrezkoa da aurretik hitzordua erreserbatzea, 621 153 065 telefono zenbakira deituta.
Paseoak
Nerea Izuzkizak esan digunez, hasiak dira txakurren paseoak ere eskaintzen. Zerbitzu hau erabili nahi dutenek, telefono zenbaki honetara deitu behar dute hitzordua eskatzeko: 621 150 979.
Nobedade hauei esker, Garbi Goxoko bezeroek beren bizitza errazten lagunduko dieten zerbitzuez gozatzen jarraitu ahal izango dute. Bezeroei dagokienez, Nerea Izuzkizak aipatu du zentroa ireki zuenean batez ere auzoko jendea zela autozerbitzuko aukera guztiak erabiltzen zituena. Alabaina, inguruko herrietatik, Hondarribia eta Hendaiatik datozen bezero asko ere badituzte. “Inguruko herrietan oraindik horrelako zerbitzuak eskaintzen dituen zentrorik ez dagoelako izango da, edo gutxi direlako”, ondorioztatu du Nerea Izuzkizak.
“Ostiraletan hasi gara ile apainketa zerbitzua eskaintzen eta momentuz zita guztiak betetzen ari zaizkigu”
Nerea Izuzkiza, Garbi Goxoko jabea
Horregatik, Garbi Goxon, Puiana auzoan, konponbide integralak eskaintzen jarraitzeko lanean jarraituko dute. Hobetzen jarraitzeko asmo horri eutsiz, Garbi Goxoko jabeak aurreratu du laster maskoten gauzak garbitu ahal izateko garbigailua ere jarriko dutela. “Garbigailu berri hori jartzea erabaki dugu, horrela maskoten gauzak pertsonen gauzekin ez nahasteko”, gaineratu du Izuzkizak. Garbigailu hori maskoten zerbitzuetako gelan jartzea pentsatua zuten hasieran, baina azkenean garbitegi gelan egongo da. “Lokalaren metroek ez digute gauza gehiago sartzeko aukerarik ematen, baina beti izango dugu bezeroen asebetetzea helburu”, azpimarratu du Nerea Izuzkiza.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



