Urtarrilaren 2an, asteazkena, bisita berezia jaso zuten Caser Residencialek Anakan duen egoitzako egoiliarrek. Urtero bezala, Irungo Real Union klubeko jokalariak egoitzara hurbildu ziren. Futbolariak egoitza bisitatu duten hirugarren urtea izan da hau eta, beti bezala, esperientzia ahaztezina izan da egoiliar zein jokalarientzat.
Gabonetako etenaldiaren ostean, entrenamenduak berrartu eta ekintza aski bereziarekin hasiera eman diote urteari futbol jokalariek. Eguerdiko 12:30ak aldera iritsi ziren jokalariak eta Anakako egoitza korridore eta egongela ezberdinetan zehar ibili ziren egoiliarrekin hizketan.
Egoitzan Real Union taldeko zaletu ugari daude, beraz, egoiliarrek haien bizitzetan zehar talde irundarrarekin loturik izandako bizipenak eta oroitzapenak partekatzeko aukera ederra izan zuten. Jokalariek, berriz, arreta eta ilusio bereziz entzun zituzten egoiliarren kontakizunak.
Jokalarien bisita Eguneko Zentroan amaitu zen, jokalari, egoiliar eta langileentzat prestaturiko lunch eder baten inguruan. Ricardo Garcia Real Unioneko presidenteak topaketa honen inguruan esandako esker hitzak entzun ostean, Jose Luis Reinosa klubeko kontseilariak abestutako jotekin bertan bildutakoak hunkit
zea lortu zuen.
Gainera, futbolariek, opari moduan, kolore zuri-beltzeko bandera, pintza, kamiseta eta bestelako merchandaising produktu utzi zituzten egoitzan, bingo txapelketa eta zozketetan egoiliarren artean banatzeko.