Gaur, abuztuak 7, Euskal Jiraren edizio berri bat abiatuko da Irunen, euskal kultura, folklorea eta tradizioa hiriko kaleetara zabaltzeko helburuarekin. Asteburuan zehar luzatuko den egitarau zabal honek adin guztietako herritarrak zein bisitariak bildu nahi ditu musika, dantza, herri-kirolak eta euskal sustraiak ardatz dituen jai giroan.
Gaur arratsaldean emango zaio hasiera ofiziala asteburuko egitarauari. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira ekintzak Urdanibia plazan haurrentzako puzgarriekin, 20:30ak arte, eta Santiagoko Deabruak taldeak antolatutako jolasekin, 20:00ak arte. Erraldoi eta Buruhandien Irungo Atsegiñako konpartsa hiriko erdiguneko kaleetan zehar ibiliko da arratsaldeko 17:45etik aurrera festa-giroa piztuz. Konpartsak Urdanibia plazan, Salis etorbidean eta Juncal, Santiago, Eskolak, Fermin Calbeton, Foruak, Nagusia zein San Martzial kaleetan zehar egingo du ibilbidea, erdiguneko kaleak festa-giroz betez.
Jarraian, 18:00etan, talo eta gazta pintxoen postuak irekiko dira plaza berean, eta ordu berean IGA Abesbatzak emanaldia eskainiko du Ama Shantalen egoitzan. Musikak eta giroak jarraipena izango dute 19:00etan Jeiki Hadi taldeak Ospital Zaharreko lorategietan zein inguruetan gidatuko duen Kantu Jirarekin, eta ostiraleko jarduerei amaiera emateko, Burrunba taldeak kontzertua eskainiko du Urdanibia plazan bertan, 21:30etik aurrera.
Euskal Jira eguna
Abuztuaren 8ko, larunbateko, egitarau zabala goizeko 08:30ean abiatuko da Jostailu Dultzainero taldearen diandarekin erdiguneko kaleetan zehar, eta jarraian, 09:00etan, txalaparta hotsak zabalduko dira hainbat txokotan Urdanibia plazatik abiatuta. Goizeko 10:00etan talo eta gazta postuek, artisau azokak eta Eraiki dantza taldearen saioak hartuko dute plaza, eta 11:00etan abiatuko da eguneko ekitaldi nagusia: Euskal Jiraren desfilea, Letxunborro ibilbidetik hasi eta hiri-erdigunea zeharkatuz Urdanibia plazaraino iritsiko dena. Eguerdian, Ospital Zaharreko lorategietan haurrentzako puzgarriak egongo dira,12:30etik 14:30era, eta 12:45ean Irungo Txistulari Taldeak, “Agur Jaunak” eta “Gernikako Arbola” joaz, nahiz “Irun Hiria” Musika Bandak emanaldia eskainiko dute, ordu berean parte-hartzaileen erakusketa zabalduko delarik 18:00ak arte. Bestalde, 13:00etan Mutxikoak dantzatzeko aukera egongo da Jeiki Hadi taldearekin Urdanibia plazan zein inguruetan.
Arratsaldean jaiak jarraipena izango du Iñaki Dieguezen akordeoi doinuekin (16:00), puzgarriekin berriro plazan (17:00etatik 20:00etara) eta Kemen Dantza taldearen erromeriarekin (18:30). Azkenik, jai-egunari amaiera biribila emateko, Ahantzi Erromeri (20:00) eta Gora Herria (22:00) taldeen musika-emanaldiek giro bizian jarriko dute Urdanibia plaza gauera arte.
Gipuzkoako Herri Kirolak Pentatloi Txapelketa
Jai-asteburuari amaiera emateko, igandean, abuztuak 9, kirola eta tradizioa elkartuko dira berriro Urdanibia plazan, Gipuzkoako Herri Kirolak Pentatloi Txapelketa nagusia ospatuko baita goizeko 09:00etatik aurrera. Antolatzaileek eta Udalak herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dituzte euskal jantzi tradizionalak jantzi eta hiru egunez Irun tradizioaren eta euskal kulturaren topagune bihurtuko duen jaian parte hartzera.



