Gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo da Irungo Emakumeen Etxeak jasotako mehatxuak salatzeko

Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (ACMI/IEEE) Irungo Emakumeen Etxearen aurka posta elektronikoz jasotako mehatxu eta gorroto delituen aurrean gaitzespen irmoena adierazi dute. Hori dela eta, gaur , urtarrilaren 20an, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea egingo da Istillaga plazan, Emakumeen Etxearen aurrean.

Atzo goizean jasotako mehatxuen ondoren, salaketa jarri eta Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du. Gainera, atzo polizia-zerbitzuak Emakumeen Etxera bertaratu ziren eta udal ekipamendua ixtea erabaki zuten. Zerbitzua astearte honetan berriro irekiko da, segurtasun-neurri egokiak hartuta.

Irungo Udalak erabateko konfiantza du agintari polizialen lanean, kasu honetan Ertzaintzarenean. Azkenik, barkamena eskatu nahi du aldi baterako itxiera honek Irungo Emakumeen Etxean programatutako jardueren ohiko funtzionamenduan sortu duen eragozpenengatik, eta berriz ere berretsi nahi du bizikidetzarekin, berdintasunarekin eta balio demokratikoen defentsarekin duen konpromisoa.

Irungo Emakumeen Etxearen elkarteak komunikatu bat zabaldu du gertakariak salatzeko: “Indarkeria matxista ez da gure gizartean onartu behar. Gaur Irungo Emakumeen Etxeak jasan duen eraso matxistaren aurrean, garrantzitsua da herritar guztiok gure gaitzespena irmotasunez adieraztea, eta, aldi berean, Irungo emakume guztiei gure elkartasuna eta babesa erakustea, indarkeria matxistaren aurka borrokan ari garen emakumeei bereziki. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldeko borroka guztion ardura da. Bai berdintasunari. Bai feminismoari”.

Elkarretaratzea gaur arratsaldean

Gaur arratsaldean 19:00etan, Istillaga plazan, Emakumeen Etxearen aurrean, gertakariak salatzeko elkarretaratzea egingo da. Elkarretaratze deialdian parte hartu dute: Irungo Emakumeen Etxea, Txingudiko Elkarte Feminista, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, M8, Uxoa, Lumak Haize, Argoia, Foro Ciudadano eta Emakume eta Zinea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude