Gaur banatu dira  2024ko “Gure artean” proiektuko  emakume parte-hartzaileentzako diplomak

‘Gure artean’ proiektuan parte hartu dutenen emakumeek beren diplomak jaso dituzte gaur. Bitartekaritza Soziokulturalerako Programaren esparruan, Irunen bizi diren emakume migratzaile eta ez-migratzaileei zuzendutako proiektua da. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak programaren nondik norakoak azaldu ditu ostiral honetan, Emakumeen Etxean eskainitako prentsaurreko batean.

2024an, hainbat nazionalitateko 55 emakumek hartu dute parte «Gure artean» programako lantaldeetan. Proiektu honen helburua da emakumeen artean babes- eta elkartasun-sare bat sortzea eta Irunen bizi diren emakume atzerritarrak Irungo gizartean integra daitezen bultzatzea. Horretarako, parte-hartzaileek beren interes eta esperientzien berri ematen diote elkarri, Irungo gizartea ezagutzeko (ohiturak, kultura, baliabide eta zerbitzuak…), eta lana eta prestakuntza-ikastaroak bilatzearen inguruko gaiak lantzen dituzte. Gainera, behar duten emakumeek gaztelaniazko mintzapraktikak egiten dituzte.

Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, programa hau aukera bikaina da emakume migratzaileak gizarteratzeko eta hemengo kulturan murgiltzeko: “Parte-hartzaileen arteko babes-sare hori oso atsegingarria da Irungo gizartea integratzeko”. ‘Gure artean’ programan autoestimua, konfiantza, gaitasun komunikatiboak eta sozialak lantzen dira, besteak beste. “Gizarteratzeko prozesuan laguntzen diegu, hori izanik Gizarte Ongizate arloak migratzaileekin duen helburu nagusia, kasu honetan, Irunera iristen diren emakumeekin” gaineratu du ordezkariak. Horretarako, Gizarte Ongizate  arloan eskura duten laguntza guztia eskaintzen diete.

Saio parte-hartzaileak

Saioetako metodologiari dagokionez, parte-hartzean oinarritzen da beti, eta autokudeaketara eta ekimen berriak sortzera bideratzen da, parte-hartzaileek eurek zuzenduta, betiere beren interes eta aukera propioetatik abiatuta.

Honela orientatu dira egindako jarduerak:

  • ‘Gure artean’ proiektua eta Bitartekaritza Soziokulturaleko Programa aurkeztea.
  • Parte-hartzaileek elkar ezagutzea.
  • Taldekako espazioak antolatzea.
  • Autoestimua eta emozioak lantzea.
  • Emakumeen interesak eta beharrak adieraztea eta horiei erantzutea.
  • Hizkuntza ikastea.
  • Loturak eta babes-sareak sortzea.
  • Diferentzia kulturalez eztabaidatzea eta bertako kulturara hurbiltzea.
  • Autokontzeptua lantzea eta aurreiritzi arrazistez jabetzea.

Izen ematea

2023tik, izen ematea urte osoan dago irekita eta, prozesua errazteko, telefono bidez ematen da izena. Parte hartu nahi duten emakumeek Bitartekaritza Soziokulturaleko zerbitzura deitu behar dute, eta izena emateko eskatu (943 505 635 eta 602 218 196). Arreta 9:30etatik 13:00etara ematen da astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan eta 16:00etatik 19:00etara ostegunetan.

Bi talde osatzen dira parte-hartzaileekin, eta bakoitzak hobekien doakion ordutegia aukeratu dezake: ostegun arratsaldekoa (17:00etatik 18:30etara) edo ostiral goizekoa (10:00etatik 11:30etara). Saioek, beraz, ordu eta erdi irauten dute, eta astean behin egiten dira irailetik ekainera Irungo Emakumeen Etxean, Istillaga plazan, eskolako egutegia eta oporraldiak errespetatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude