Gaur goizean Gaztainondo kaleko igogailuarenobrak bisitatu dituzte José Antonio Santano Irungo alkateak, Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak. Eremuko irisgarritasuna bermatuko duen proiektu bat da igogailua. 20 lagunentzako lekua izango du igogailuak.
Haltza kalean barrena Gaztainondo kalearen hasieraren, 5. zenbakiaren, eta Geltoki kalearen arteko oinezko loturak dituen irisgarritasun arazoak konpontzea da helburua. Igogailuaren eraikuntza lana etorkizunean egitekoa de Via Irun eta nazioarteko geltoki intermodal berria kontuan izanik egin da. Obra honen oinarrian dauden irizpideak jasangarritasuna, hiritar guztien irisgarritasuna eta genero-ikuspegia dira, izan ere, lanak amaitutakoan hiriko puntu beltz bat desagerraraztea espero baita.
Alkateak nabarmendu duenez, igogailu hau instalatuta, auzotarren eskaera bati erantzuna emango zaio, eta eremua % 100 irisgarria izatea lortuko da. Alkateak azaldu duenez, “denbora luzez egon gara obra honen zain, eta hari esker aurrera egingo dugu oztoporik gabeko hiri bat eraikitzeko lanetan”. Santanok azpimarratu duenez, “gure kaleetan mugikortasuna erraztearen alde egiten dugu, begirada gero eta irisgarriagoa den hiri batean jarrita”.
Igogailua jartzeko lanen artean, zimendatzea eta obra zibila dira zailenak, eta oso aurreratuta daude bi horiek. Horrez gainera, Haltza kaleko espaloia zabaldu da, 8. eta 14. zenbakien artean, funtsean, ilarako aparkalekuak kenduta. Horri esker, espaloia 2,80 metro zabal izango da, eta bideak 4,65 metro inguruko zabalerari eutsiko dio. Era berean, zebrabideak irisgarritasun irizpideetara egokitzen ari dira, eta argiteriako instalazioak berritzen. Jarduketak 1.200 metro karratu inguruko eremuari eragiten dio.
Igogailua Gaztainondo kaleko 5.eko etxebizitza-eraikinaren fatxadarekin lerrokatuta jartzea erabaki da. Sartzeko plataforma eraikin beraren atariaren ondoan egongo da. Eskaileren konfigurazioa egungoaren antzekoa izango da, trenbideko plataformako hormaren trazadurari jarraituko baitiote, baina ahal bezainbat zabalduko dira, ikuseremua handitzeko.
Oinezkoen joan-etorriak errazteko oztopoak kentzeko zenbait neurri jasotzen dituen hiriko mugikortasun jasangarriaren planaren baitan egin da proiektua. Instalatutako igogailu hau hirian oinezkoen mugikortasun-arazoei konponbidea emateko abian diren beste proiektu batzuei batu behar zaie.
Proiektua Obras Especiales e Infraestructuras SAUri esleitu zaio 880.583,71 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne. Lanak egiteko aurreikusten den epea zortzi hilabetekoa da.
Next Generation EU funtsak
Gaztainondoko igogailuaren proiektua Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bitartez finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren parte da.






