Helena Beneten eskuek forma eta kolore amaigabeetako bitxiak sortzen dituzte. Fimoa eta buztin polimerikoa eta egiten duenarekiko maitasuna elkarrekin nahastuz apaintzeko osagarriak sortzen ditu, bestelako materialekin esperimentatzeaz gainera. Belarritakoak dira Helena Beneten sorkuntzarik bereizgarriena. Artisauak azaldu du azokak eta sare sozialak oso lagungarriak zaizkiola bere proiektua zabaltzeko.
Nola hasi zinen zure apaingarri propioak sortzen?
Egia da ni txikitatik beti ikusnahi handiko pertsona izan naizela. Gainera, eskulanak beti asko gustatu zaizkit eta asko landu ditut. Zazpi bat urte edo nituenean Irungo denda txiki batean bitxiak saltzen hasi nintzen. Hori izan zen mundu honekin izan nuen lehen harremana. Horrela, asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen eta pixkanaka nire belarritakoak eta bitxiak egiten hasi nintzen. Egia da bizitzak beste bide batzuetatik eramaten zaituela ikasketak eta lanak direla medio, baina pandemiarekin etxean hainbeste denbora pasa nuenez, berriro material batzuekin frogatxoak egiten hasi nintzen. Egiten nituen gauzatxoen argazkiak Instagramera igotzea erabaki nuen. Jendeari egiten nituen gauzak gustatzen zitzaizkiola ikusi nuen eta horrek asko motibatu ninduen eta horrela jarraitu dut gaur egun arte.
Zer nolako materialekin lan egiten duzu zure sorkuntzetan?
Nik batez ere fimoarekin edo buztin polimerikoarekin lan egiten dut. Horiez gain, beste material batzuk ere erabiltzea gustatzen zait, nahiz eta agian Instagramen lan horiek hainbeste ez erakutsi. Izan ere, material bakar batera mugatzea aspergarria egiten zait, beraz, materialez aldatzea gustatzen zait.
“Material bakar batera mugatzea aspergarria egiten zait, beraz, materialez aldatzea gustatzen zait”
Zure sorkuntzak bereizteko estilo propio bat sortu nahi izan duzu?
Bai, nahigabe izan bada ere, uste dut nik nire estilo propioa sortu dudala. Askotan konturatu gabe gauzak nire gustuetara egokitu ditut. Hasieran belarritako handiak eta koloretsuak egiten hasi nintzen. Dena den, denborarekin beste forma eta kolore batzuk lantzen joan naiz eta nahi gabe nire estiloa sortu dut, barrutik ateratzen zaidana egiten.
Zertan inspiratzen zara gauza berriak egiteko?
Gauza asko bat-batean bururatzen zaizkit, hau da, sortzen ari ez naizenean batzuetan belarritako bat egiteko forma edo ideiak nahigabe bururatzen zaizkit. Bestela, zerbait sortu nahi dudanean nire tailerrean esertzen naiz eta koloreak ikusiz burura etortzen zaizkidan ideiak probatzen hasten naiz gauza berriak atera arte.
Pieza berriren bat sortu eta erakutsi ostean, jendearen iritzia entzutea gustuko duzu?
Bai. Ilusio berezia egiten dit kaletik noanean eta norbait nire belarritakoekin ikusten dudanean. Horretaz gain, ilusioa egiten du jendeak zure lana baloratzen duela ikusteak. Izan ere, sorkuntza txiki bakoitzaren atzean nire lana eta denbora daude, barrutik ateratzen zaidan zerbaiten bidez islatuak. Nire bitxi guztiak maitasun berezi batekin eginak dira, beraz, oso berezia da, noski, jendeari gustatzen zaizkiola jakitea eta gainera, horiek nola erabiltzen dituzten ikustea.
Baloratzen al du jendeak eskuz egindako produktuen balioa behar bezala?
Bai, orokorrean bai. Egia da oso kasu gutxitan bizi izan ditudala horrelako momentu desatseginak nire bitxiengatik. Beti badago zure gauzak oso garestiak direla pentsatu eta hala esaten duen norbait. Nik benetan uste dut egindako gauzak ez ditudala prezio garestiegian saltzen. Beraz, orokorrean jendeak behar bezala baloratzen ditu gauza hauek. Hala ere, ni ez naiz bakarrik belarritakoak sortzen dituen pertsona bat. Nire proiektua garatu ahal izateko bestelako gauzak ere egin behar ditut: belarritakoen argazkiak atera behar ditut Instagramera igotzeko, sare sozialak maiztasun egoki batekin kudeatu behar dituzu, etab. Hortaz, nire lana belarritako pare bat egitea baino askoz gehiago da.
Egun sare sozialak jende gehiagorengana iristeko lagungarriak direla esango zenuke?
Bai, dudarik ez. Dena den, egia da sare sozialek lan eta denbora asko eskatzen dutela horiek modu egokian kudeatzeko. Baina horiei esker ikusgarritasun handiagoa dut eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen didate.
“Ilusioa egiten du jendeak zure lana baloratzen duela ikusteak”
Artisau lanaz bizitzeko asmoa duzu?
Momentuz ez. Oraintxe bertan nik beste lan bat daukat eta, aldi berean, ikasten jarraitzen dut. Egunean zehar libre dauzkadan momentu txikiak aprobetxatzen ditut gauza berriak sortzeko, baina oraintxe bertan ez da nire zaletasuna besterik.
Udaberrian eta udan jendeak zureak bezalako osagarri gehiago erabiltzen dituela nabaritzen duzu?
Bai, hori horrela dela uste dut. Egia da Gabonen inguruan ere, opariak eta egun bereziak direla eta, horrelako gauzen eskariak gora egiten duela urteko garai jakin horretan. Baina egia da orokorrean udaberrian eta udan gauza deigarriagoak erabiltzeko gogoa sartzen zaigula eta eskari gorakada hori nik ere nabaritzen dut.
Etorkizunera begira, nora edo nola bideratu nahiko zenuke zure proiektua?
Egia esateko, ez nago oso ziur. Egia da nire izaeragatik ez zaidala asko gustatzen gauzak aurretiaz planifikatzea. Orduan, nahiago dut behin egoera iritsita gauzak kudeatzen joatea eta zer egingo dudan pentsatzea. Udaberrian eta udan proiektu txiki asko izaten ditut: pop up-ak eta beste azokak. Ekitaldi horiek jende asko ezagutzeko aukera ematen didate. Nire kasuan, orain hobby bat dena beste seriotasun batekin lantzea izan daiteke etorkizunera begirako helburu bat, baina momentuz orain arte bezala jarraituko dut.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.