Egilea: Makalo Jauregi Beloki
Doinua: Gure herriko bikariuak
Teilatupean estalgarritzat
jartzen zen hainbat latorri
Jakinduria garatu ohi da
inork ez digu igorri
horra aurrean Lesaka dugu
eta han dago Baigorri
Hemendik ez da frantzesik joanen
Handik ez baita etorri.
Artzain etxola gainean ere
zotal ta garo-hostorri
ardi lekuak dira Urepel
Aralar edo Aizkorri
ez diezaiogun gehitxo so egin
Bidasoaren ertz horri
Hemendik ez da frantzesik joanen
Handik ez baita etorri.
Irun gainean hor San Martzial
Urruñan aldiz Sokorri
gauez zakua bizkarrean ta
Korri hara, hona korri
zenbat istori entzun diogun
hamaika jende jatorri
Hemendik ez da frantzesik joanen
Handik ez baita etorri.
Kattalingorri marigorringo
nahiz amona mantangorri
hizkuntza berak elkartzen gaitu
Lur bera dugu jatorri
ez gara frantzes ez ta espainol
Kasu eman kontu horri
Hemendik ez da frantzesik joanen
Handik ez baita etorri.
Horra Xalbador bost bertso xume
zure arrazoi sakon horri
Herri zahar honek bere historian
pasa arren hainbat orri
gaur ere berdin esan behar, zuk
erranana Egileorri
Hemendik ez da frantzesik joanen
Handik ez baita etorri.