Irungo Udalak, maiatzeko ohiko osoko bilkuran, Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntual bat onetsi du, Kostorbe hirigintza-eremuan, Ficoba ondoan, erabilera askotarako azpiegitura berri bat eraiki ahal izateko. Ficobaren eta ADIFen bulegoen artean, bertan kirol edo aisialdiko ekitaldiak antolatzeko aukera emango du IAM pabiloiak.
Aldaketa urrats garrantzitsua da, hirigintzako plan hau IAM (Irungo Areto Moldakorra) pabiloia eraiki ahal izateko izapidetzen da eta. Horrela, Ficoba eta Kostorbe eremuak batera antolatzen dira, ekipamendutara bideratutako gainazala ikuspegi global baten arabera berrantolatzeko.
Sergio Javier Hiri Garapeneko ordezkariaren hitzetan, «gaur onetsi dugun aldaketa hau ezinbestekoa da IAM pabiloia lortzeko bidean, eta proiektu estrategikoa da hiriarentzat. Irmo defendatuko dugu gure apustua, hiriaren garapen ekonomikoa eta soziala sustatuko duten azpiegituren alde egitea, alegia, eta urrats hau aurrerapauso handia da».
Urrats ezinbestekoa
Urrats hau ezinbestekoa da IAM pabiloi berriaren proiektuan. Bertan, kiroleko eta aisialdiko ekitaldi handiak antolatuko dira, hala nola 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta momentuko zerbitzu eta baliabide onenak eskainiko ditu, irisgarria izango da eta ondo konektatuta egongo da. Gainera, lurraldeko kluben beharrei erantzungo die, batik bat CD Bidasoarenei, eta hiri osoaren motor ekonomiko eta sozialetako bat izango da.



