Hiriko bidegorri sarea eta zolagaina hobetzeko lanak hasi dira

Hiriko bidegorria sarea eta zolagaina hobetzeko lanak hasi dira. Hala jakinarazi dute gaur goizean Gorka Álvarez Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak eta Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak. Kontratuaren aurrekontua 294.832,68 euro da, BEZa barne, eta lanak egiteko epea, hiru hilabetekoa da. Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresa da esleipenduna.

Álvarezek adierazi duenez, “hiriko zenbait lekutako bidegorriak hondatuta daudela ikusi dugu, txirrindulariek asko erabiltzen baitituzte, eta segurtasuna hobetzeko ekingo diegu lanei. Gainera, Juan Thalamas Labandibar kaleko 55 zenbakiko eraikinaren eraisketa aprobetxatuz, bidegorri berri bat sortuko dugu, Behobia eta Azken Portu kiroldegia eta erdialdea lotuko dituena”.

Javierrek nabarmendu duenez, berriz, “lan hauek estrategia argi baten barruan daude: Irun jasangarri, osasungarri eta komunikatuago bat eraikitzeko estrategiaren barruan. Mugikortasun Jasangarriko Arloak urteak daramatza bizikletaren erabilera sustatzen ibilgailu pribatuarenaren ordez, eta, hobekuntza hauek eginda, herritarrek egunerokoan lanera, eskoletara eta are mandatuak egitera bizikleta erabiltzen jarraitzea erraztu nahi dugu. Horrelako hiri bat sustatzen segitu nahi dugu”.

Hurrengo hobekuntzak

Horrela, hondatuta dagoen zolagaina berrituko da, eta egungo bidegorriak zabaldu edo hobetu, hiriko bost lekutan: Behobian; Azken Portun, kiroldegiaren ondoan; Aduana kalean; Lapitzen, Oñako Baroia lorategietan; eta Puianan.

Bizikletentzako garbitoki berria Puianan

Puianan, gainera, bizikletentzako garbitoki bat eraikiko da, Puiana eta Bidasoko Ospitalea komunikatuko dituen bidegorriaren ondoan; hiriko bigarrena izango da, 2022an beste bat instalatu baitzen, Meakan. Garbiketa lanetan erabiltzen diren azaleko urak biltzeko kanaletak instalatuko dira, eta garbitokia inguratu eta ixteko hormigoi testurizatu marroizko bloke bat jarriko da. Hartara, urak behar bezala bilduko dira, lorategiak urez bete gabe, oinarriko hormigoizko lauzaren eta hormatxoen artean ez baita izango hutsunerik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude