Eguberriak argitu dituzten Gabonetako argi apaingarriak instalatzeko lanak hasiak dira. Irunen eguberrietako argiak pizteko ekitaldia egiteko hilabete pasatxo falta denean ,lehenengo faseko lanak amaitu dira; alanbreak eta elikadura kableak jartzea. Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkari Nuria Alzagak eta Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Álvarezek azaldu dute aurten erdigunea eta Irungo auzoetako gune gehiago argiztatuko direla 201.256,88 euroko aurrekontuari esker.
Azaroaren 29an egingo da Gabonetako argiak pizteko ekitaldia eta ordutik urtarrilaren 6ra arte gauetan piztuko dira. Dagoeneko kale eta auzo batzuetan jarriak dira, eta biribilguneetan, plazetan, eguberrietako topaleku tipikoetan eta beste leku berezi batzuetan ere jarriko dira. Aurten, gainera, leku gehiago apainduko dira, eta eguberrietako zuhaitz berri bat instalatuko.
Nuria Alzagaren esanetan, iazko eguberrietako kanpainari buruzko iritzi inkestaren emaitzen arabera, herritarren eskaririk handienetarikoa gabonetako argiak hiriko beste leku eta auzoetara iristea zen. Lehen alkateordearen hitzetan,“bada, eskaerari erantzun, eta, eguberri hauetan, kale gehiago girotuko ditugu argiak jarrita, argitzen ditugun leku berrietako ostalaritza eta merkataritzaren mesedetan”. Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko Arloak urtetik urtera eguberriak hobeak izan daitezen lanean jarraitzen dutela azaldu du Alzagak .
Gorka Álvarezek nabarmendu duenez, berriz, Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako arloak beste pauso bat eman da, eta orain arte eguberrietan argitzen ez ziren tokiak apaindu eta argituko ditu: “Betiko lekuez gain, hiriaren erdialdetik urruti dauden auzoak argituko ditugu, LED mikrobonbilla efizienteak jarrita, koloretsuak eta distiratsuak, mugimendu sentsazioa ematen dutenetakoak”. Álvarezek baieztatu duenez, horrela, bi helburu lortuko dituzte: eguberrietako argiak hiriaren parte handi batean jartzea eta efizientzia energetikoari dagokionez garapen jasangarrirako konpromisoak betetzea”.
Proiektuak diseinu bolumetrikoak hartzen ditu barnean (hiru dimentsioko efektukoak), egunez apaindu egiten dutenak, eta gauez, argitu, baita argia erabiliz zein argirik gabe bolumen eta forma apaingarriak sortzen dituztenak. Gainera, elementu batzuek mugimendu efektuak sortzen dituzte: elur malutak, izpiak, etab. LED mikrobonbillaz, argi hariz eta neoizko argi hariz osatuta daude argiak, eta zuri-gorriak dira gehienbat, zuri beroak, eta neoi efektukoak.
Hiri argitsuagoa
Aurtengo berritasunen barruan, argi gehiago jarriko dira eremu komertzialetan, eta auzoetako kale batzuk gehiago argituko dira. Gainera, iragarri zenez, 21 metro luze den eta 9 metroko diametroa duen eguberrietako zuhaitz bat instalatuko da, argi eta musika ikuskizun bat proiektatuko duena eta barrutik zeharkatu ahalko dena.
Kontratuaren esleipenduna Maykolux SL da, eta aurrekontua, 175.084,58 euro, gehi 26.172,30 euro beste leku hauek argitzeko:
- San Juan plazan, albo bateko bi zuhaitz handi argiz apainduko dira, argizko sabai bat jarriko da taberna eta jatetxeen ondoko pasealekuan, eta Almudena Grandes plazatxoko sei zuhaitz argiz apainduko dira.
- Udaletxearen atzealdean, Jesus eta Prudencia Arbide karriken arteko izei handia apainduko da.
- Karrika Nagusia eta Foruen Karrika areago argituko dira: hurrenez hurren, sei arku eta bost arku jarriko dira.
- Anakan, argi gehiago jarriko dira, Anaka kaleko 40 zenbakiko geralekuko erdibitzailean eta Aldabe Mendia kaleko markesinaren pareko biribilgunean.
- Caser Anaka egoitzan, argiak jarriko dira zuhaitzetan, eta, San Migelen, 23 zuhaitz apainduko dira: zazpi Lezo kalean, hamabi Lucas de Berroa kalean eta lau Geltoki kalean, elizaren atzealdean.
- Artian, bost farol apainduko dira 58 Poligonoan, eta zazpi Darío Regoyos kalean.
- Larreaundin, bi arku jarriko dira Iñigo de Loiola kalean.
- Belaskoenean, hamabi zuhaitz apainduko dira Marinel kalean.
- Nagore Laffage parkean, bi pergola apainduko dira.
- Olaberrian, hamar zuhaitz jarriko dira etxebizitzen parean.
Aurretik aipatutakoez gain, ohiko lekuetan jarriko dira eguberrietako argiak.
Argien egutegia eta ordutegia
Eguberrietako argiak pizteko ekitaldi ofiziala azaroaren 29an izango da, 19:00etan. Ordutik urtarrilaren 6ra bitartean, argiak ordu hauetan egongo dira piztuta:
- Udaletxean eta San Juan plazan, etengabe
- Karrika Nagusian, Foruen Karrikan, San Martzial karrikan, erdialdean, biribilguneetan eta merkataritza dinamizatzeko lekuetan, 02:00etara arte
- Auzoetan, 23:00etara arte
- Argiak argiteria sare publikora konektatuta dauden lekuetan, argiteria publikoa itzaltzen den artean
2025eko abenduaren 24an eta 31n eta 2026eko urtarrilaren 5ean, Erdialdean, biribilguneetan eta merkataritza dinamizatzeko lekuetan, hurrengo eguneko 08:00etara arte egongo dira piztuta argiak.