Ikasturte berria bertsolari hasiberri zein eskarmentudunentzat ere hasiko da

Iturria: Irunabar

Txingudiko bertso eskolek 2024/25 ikasturtea hasteko izen ematea abian dute. Azken ikasturteetan bezalaxe, datorren ikasturtean zehar ere, hainbat talde antolatuko dira eskualdean bertsotan ikasi eta trebatzeko. Eskoletan izena eman edo informazioa behar dutenek irunabar@gmail.com posta elektronikora idatzi eta Irunabar, Irungo bertso bilguneko kideak, beraiekin harremanetan jarriko dira.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea, 2007. urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Irungo bertso giroa biziberritzeko asmoa du eragile. Txingudiko Bertso Eskola kudeatzeaz gainera, bestelako zereginak ere egiten dituzte. Adibidez, ikastetxeei, hezkuntza ez formalaren eremuan, bertsolaritzarekin loturik sortzen zaizkien beharrei erantzuten diete. Irunen eta Behe Bidasoan bertso saioak antolatzeko laguntza ematen dute, horietan parte hartzeko bertsolariak bidaltzeaz gainera.

Irunen (eta Behe Bidasoan) bertsolaritzarekin lotuta antolatzen diren ekimen guztien berri ematea helburu. Informazio eguneratua jaso nahi baduzu, bidali mezu elektroniko bat irunabar@gmail.com helbidera.

Irunabarretik azaldu dutenez, hastear den ikasturtean bertso-eskolako talde hauek sortzeko asmoa dute: Nerabeen bertso-eskola, gazte eta heldu hasi berrien bertso-eskola, Bertso-tailerra, Bat-batean I  eta Bat-batean II. Horrela, Txingudiko bertso eskolek bertsoa adin guztientzako modu askotara gozatzeko aukera eman nahi dute.

Neurrira prestatutako klaseak

Hala ere, Irunabarretik azpimarratu dutenez, izena ematen duten pertsonen interesen eta motibazioen arabera egokituko dituzte eskolak, taldeak horien arabera moldatuz. Hori dela eta, bertso eskola hauek non eta noiz izango diren guztiz zehaztea falta zaie oraindik, esan bezala, horiek antolatzeko partaideen beharretara egokitzen saiatuko baitira. Hala ere, Irungo AEK eta Hondarribiko Jaitzubia elkartean bertso eskolaren batzuk egingo direla aurreikusi dute. Beraz, urritik aurrera bertso eskolak martxan jartzean zehaztuko dituzte ordutegiak eta lekuak.

Elkarlana eskualdeko hedabideekin

Bestalde, aurreko urteetan egin bezala, ikasturte honetan bai Irunero eta baita Bidasoaldeko Hitzarekin ere elkarlanean arituko dira Irunabarreko kideak. Horrela,  hilean behin bertso sorta bana argitaratuko dute hedabide horietan. Egitasmo hau aprobetxatuz, ahozko lanketaz gain, bertso idatziak ere landuko dituzte.

2024ko urritik aurrera eskolak hasi arren, bertso elkarteak gogorarazi digu bertso eskoletan izena emateko aukera ikasturte guztian zehar egoten dela zabalik. Bertsolaritzara hurbiltzeko edozein manera izangatik ere, beso zabalik hartuko dituzte  interesatuak, beti haien beharretara egokitzeko prest. Gauzak horrela, zalantzak argitu edo izen ematea egiteko irunabar@gmail.com helbide elektronikoa dute Irunabarren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude