Irun eta Hondarribia arteko bidegorria eskatzeko bizikleta martxa egingo da ekainaren 1ean

Iturria: Balazta elkartea.

Balazta elkarteak Bizikletaren Nazioarteko Eguna dela eta bizikleta martxa bat antolatu du ekainaren 1erako. Irun eta Hondarribia artean bidegorria eraikitzea eskatzeko bizikleta martxa izango da. Martxak bi abiapuntu izango ditu eta Mendeluko autobus geltokian elkartuko dira bi martxak. Balazta elkartetik bizikleta martxan familia eta lagunekin batera parte hartzeko deialdia zabaldu dute.

Ekainaren 3an Bizikletaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu mailan. Egun honek, besteak beste, munduko herritarrak bizikletaz ibiltzeak dakartzan onura ugariez oroitzeko eta kontzientziatzeko balio du, dela pertsonen osasunerako, dela ingurumenerako eta, oro har, gizarterako. Balazta Bidasoa eskualdeko elkartea 2016tik bizikletaz hiri-mugikortasuna bultzatzeko lanean ari dena.

Ekainaren 1erako antolatutako bizikleta martxak bi abiapuntu izango ditu: Irunen San Juan plazan eta Hondarribiko Gernikako Arbolan. 11:00etan aterako dira abiapuntu horietatik eta 11:30ak aldera Mendelu auzoko autobus geltokiaren ondoan bat egingo dute. Ondoren, martxa bakoitza bere jatorrizko abiapuntura itzuliko da.

Bidegorriaren alde pedalei eragiten

Balazta Bizikletaren Nazioarteko Eguna ospatzeko eta eskualdeko jendea bizikletaz modu jasangarrian mugitzera animatu du. Gainera, bizikleta martxa honen bitartez dagokien erakundeei dei egin nahi zaie, lehenbailehen Irun eta Hondarribia arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura eroso, praktiko eta segurua bermatuko duen bidegorri bat errealitate bihurtzeko lan egin dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude