Irungo Udalak, Gobernu Irekiaren eta Herritarren Arretaren arloaren bitartez, bi funtzionalitate berri gehitu dizkio gailu mugikorretarako IrunApp udal-aplikazioari, herritarrek bere kudeaketak egiteko orduan errazago izan dezaten. Sare sozialen bitartez argitaratutako albisteak eta ekitaldiak partekatzeko aukera gaitu da, eta albiste-bilatzaile bat ere sartu da, edukiak era zehatzago batean aurkitzea ahalbidetzen duena.
Alde batetik, sare sozialen bitartez aplikazioan argitaratutako albisteak eta ekitaldiak partekatzeko aukera gaitu da, udal informazioaren hedapena erraztearren; eta, bestetik, albiste-bilatzaile bat ere sartu da, edukiak modu errazago eta zehatzagoan aurkitzea ahalbidetzen duena. Bi tresna berri horiek dagoeneko abian dagoen udal bilatzeari gehitzen zaizkio, zeinak data, gai edo lekuaren arabera ekitaldiak bilatzea ahalbidetzen duen.
Jon Ugarte Gobernu Irekirako eta Herritarrentzako Arretarako ordezkariak azaldu duenez, Udalak beti bilatzen ditu formula berriak herritarrei arreta emateko, Administrazioarekin egiten dituen kudeaketak sinpleagoak eta erosoagoak izan daitezen. “Jakin badakigu teknologia ez dela adin tarte guztientzat erraztasunak ematen dituen baliabidea, eta horregatik saiatzen gara pixkanaka hobekuntzak sartzen, udalarekin egin beharreko kudeaketak sinplifikatzeko eta laguntzeko, kudeaketa errazak nahiz konplexuagoak izan”, erantsi du Gobernu Irekirako eta Herritarrentzako Arretarako ordezkariak.
Bideo-tutorialak
Gainera, eta herritarrei izapidetze elektronikoan laguntzeko asmoz, HAZk bideo-tutorialen bilduma bat aurkeztu du. Bilduma horren bidez, modu errazean eta urratsez urrats, udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden izapideak nola egin zehazten da, hala nola ordainagiriak ordaintzea, eskola-materiala erosteko laguntzak eskatzea, gaitasun ekonomikoaren arabera ordaintzea edo udaleku desberdinetan izena ematea.Bideo-tutorialak Udalaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri, eta izapide bakoitzean sartzean eskura daitezke, baita udalaren webgunean bertan ere.
Izen-ematea
Era berean, duela gutxi, udalaren webgunearen azalean “Izen-emateak eta izapideak epean” atalerako sarbide zuzena jarri da. Horri esker, herritarrak azkar eta erraz sar daitezke gaur egun irekita dauden prozeduretan, adibidez izen-emateak, dirulaguntzen eskaerak, bekak edo Udalak eskaintzen dituen lan-eskaintzetan.
Neurri honen bidez, une bakoitzean eskuragarri dagoen udal-eskaintza eguneratuaren berri izatea erraztu nahi da, bereziki laster amaituko diren izapide edo kanpainei buruzkoak, udal-zerbitzuetarako sarbidea hobetuz eta gardentasuna eta herritarrekiko komunikazioa indartuz, bere intereseko kudeaketa bat epe barruan egitea inori ez zaiola ahaztuko ahaleginduz. ”
IrunApp 3.000 aldiz deskargatua
2023ko martxoan merkaturatu zenetik, IrunAppek harrera ona izan du herritarren aldetik. Horren erakusgarri dira gailu mugikorretan erregistratutako aplikazioaren 3.175 deskargak.
IrunAppek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola udal gaurkotasunari buruzko albisteak, kultura eta aisialdiko agenda, kexen eta iradokizunen kanalerako sarbidea, eta diru-laguntzei, kanpainei eta udal-programei buruzko push jakinarazpenak jasotzeko aukera, tasak ordaintzeko epeak, etab.
Zehazki, push jakinarazpen-zerbitzuan 1.818 harpidetza aktibo zeuden maiatzaren 31n. IrunAppek udalaren beste aplikazio mugikorretara eta zerbitzuetara erraz eta zuzenean sartzeko aukera ere ematen du.