Irunbusen erabiltzaile kopuruak errekor guztiak gainditu ditu bigarren urtez jarraian. Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak, hiriko garraio publikoaren iazko datuen berri eman du gaur goizean San Juaneko itzulbidean. Izan ere, 2024an, 2.067.164 pertsonak erabili zituzten hiri barruko autobusak, aurreko urtean, 2023an, erabiltzaileak 1.905.434 izan zirelarik. Iaz Irunbuseko linea eta gautxori guztiek inoizko erabiltzaile kopururik handiena izan dute.
Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak baloratu duenez, «Irunbuseko zerbitzuak berriz ere marka hobetzeak Udalaren apustua berretsi baino ez du egiten: garraio publiko jasangarria sustatzea, alegia”. Sergio Javierrek adierazi duenez, datu horiek lorpen handia dira eta, horrez gain, goranzko joera bat berresten dute, Covid-19aren pandemiak baino eten ez zuena. “Zifrak eztabaidaezinak dira, eta zerbitzuan inbertitzearen aldeko apustua berrestera garamatza, autobusen kalitatea ere maila egokian egon dadin”, erantsi du ordezkariak.
Datuei dagokienez, Irunbusek 2.067.164 erabiltzaile izan zituen 2024an linea guztiak batuta. Horrela, historian lehen aldiz, bi milioi bidaiarien langa gainditu du. 2023ko datuekin alderatuta, nabarmena da igoera, % 6,77 erabiltzaile gehiago izan ditu eta. Orotara, 161.000 bidaiari gehiago, aurreko urteko 1.905.434ekin alderatuta.
Erabiltzaile gehiago linea guztietan
Linearen arabera, Zaisa eta Ospitalea lotzen dituen 1. lineak izan ditu bidaiari gehien: 1.447.775 erabiltzaile, 2023ko bidaiari-kopurua baino 97.000 gehiago (% 7,2ko igoera), eta urte hartan 1.350.263rekin lortutako maximo historiko gaindituta. San Juanetik Katea auzora doan 2. lineari dagokionez, bigarrena da bidaiari kopuruari erreparatuta, eta iaz 439.602 izan zituen, aurreko urteko bidaia kopurua baino 44.000 gehiago (% 12,6ko igoera). San Juan eta Artia arteko 3. lineak 108.622 erabiltzaile izan ditu, 2023an baino 10.000 gehiago (% 6,4ko igoera). Azkenik, San Juan, Antzaran eta Olaberria lotzen dituen 4. lineak 64.538 bidaiari izan ditu, aurreko urtean baino 8.000 gehiago, % 3,4ko igoera, alegia.
Gautxori zerbitzuak ere inoizko erabiltzaile gehien izan du, 6.627 bidaiarirekin: 2023an baino 350 gehiago. Horrela, inoizko markarik onena izan du gaueko autobus-zerbitzuak ere, gainerako beste lau lineek bezala.



