Irunek auzoak kulturaz blaituko ditu 2026an aurrekontu parte-hartzaileei esker

Irungo auzoak kulturaz beteko dira berriro 2026an zehar, Auzoetako Kultur Jardueren programaren edizio berri bati esker. Ekimen hau Aurrekontu Parte-hartzaileetatik sortutako proposamenetako bat da, eta Udalak eta auzo-elkarteek elkarlanean landu dute. Proiektuaren helburu nagusia urte osoan zehar hiriko hainbat gunetara kultur programazio anitza eta kalitatezkoa eramatea da, komunitatea indartuz eta espazio publikoak dinamizatuz.

Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Kultura ordezkariak, Jon Ugarte Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta ordezkariarekin batera, hirugarren edizio honen xehetasunak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, auzo-elkarteetako kideekin batera. Aurtengo edizioa bereziki indartsu dator, orain arteko aurrekonturik handiena izango baitu (89.000 euro) eta guztira 15 auzok parte hartuko baitute: Anaka, Anzaran, Artia, Behobia, Belaskoenea, Dunboa, Erdialdea, El Pinar, Elitxu, Meaka, Arbesko Errota, Arbesko Poligonoa, Alde Zaharra, Santiago eta Uztarri Ona.

Aurkezpenean, Alzagak azpimarratu du kultura pertsona guztien eskura egon behar dela, bizi diren lekuan bizi direla, eta programa honek oso ondo islatzen duela auzoekin lankidetzan eraiki nahi den hiria. Bere hitzetan, auzoetara kultura eramatean bizitza, topaketa eta komunitatea sortzen ari dira. Ildo beretik, Ugartek eskerrak eman dizkie auzo-elkarteei egiten duten lanagatik, haien inplikazioa funtsezkoa baita kaleak dinamizatzeko eta herritarrentzat topagune biziak sortzeko.

Hastear den egitaraua

Programazioa martxoaren 20tik 22ra hasiko da Arbesen, asteburu osoko egitarauarekin. Bertan, magia, txarangak, fanfarreak eta muxikoak izango dira protagonista. Nabarmentzekoa da Arbesko Errota eta Arbesko Poligonoa elkarteek indarrak batu dituztela asteburu honetarako, eta elkarlan horri esker, Artistas del GremioTxaranga talde ezaguna Irunen izatea lortu dutela. Kultur jarduerak abendura arte luzatuko dira, hiri biziagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko apustua sendotuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude