Irungo Udalak bizikletentzako hiriko lehenengo aparkaleku estalia instalatu du Martindozenea Gaztelekuaren sarreran. Proiektu hau 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileen gazte-prozesuaren emaitza da, eta mugikortasun jasangarria sustatzea du helburu. Gorka Alvarez (Obrak eta Azpiegiturak) eta Sergio Javier (Mugikortasuna) ordezkariak instalazioa ikusten izan dira ostiral honetan, azpiegiturak gazteek adierazitako behar bati erantzuten diola azpimarratzeko.
Markesina berria hormigoizko lauza baten gainean jarri da eta hamabi bizikleta aparkatzeko tokia eskaintzen du. Erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, estalkiak presentzia sentsorea duen argiteria integratua dauka, udal sare publikora konektatuta dagoena. Kokapena estrategikoa da, Elizatxo hiribideko bidegorriaren ondoan baitago, Gaztelekuko erabiltzaileei, familiei eta Oñako Baroia lorategietako bisitariei zerbitzua emateko.
Ingurumenaren ikuspegitik, aparkalekua jartzeko zuhaitz bat kendu behar izan bada ere, jasangarritasun irizpideak betez bi Sorbus aucuparia berri landatu dira inguruan. Obra hauek Urbycolan enpresak egin ditu, eta guztira 20.172,97 euroko inbertsioa suposatu dute (BEZa barne). Ekimen honekin, Udalak 2024an onartutako Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren helburuak betetzen jarraitzen du, bizikletaren erabilera eguneroko garraiobide gisa bultzatuz.



