Irunek datorren astelehenean irekiko du Udal Haur Eskolan izena emateko epea

Irungo Udalak, Hezkuntza zerbitzuaren bidez, jakinarazi du 2026/27 ikasturterako Udal Haur Eskolako aurrematrikulak egiteko epea datorren astelehenean, martxoaren 9an, hasiko dela. Bertsolari Uztapide kalearen 1. zenbakian kokatutako ikastetxe hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendutako zentro publiko bat da, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko 0 eta 3 urte arteko ikasleei zuzendua.

Datorren ikasturterako eskaintzen diren 75 tokiak adinaren arabera banatuko dira, 2025ean jaiotako haurrentzat 8 toki gordez, 2024an jaiotakoentzat 49 toki eta 2023an jaiotakoentzat 18 toki. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 27ra arte egongo da zabalik 2024an eta 2025ean jaiotakoentzat, eta ekainaren 4ra arte luzatuko da 2026an jaiotako haurren kasuan.

Eskaerak modu telematikoan bideratu daitezke Udal Egoitza Elektronikoaren bidez. Era berean, eskaerak aurrez aurre aurkeztu daitezke San Martzial kaleko 2. zenbakian dagoen HAZeko bulegoan. Informazio gehiago behar duten familiek 010 telefono zenbakira deitu dezakete zalantzak argitzeko.

Ate irekiak

Familiek instalazioak ezagutu ditzaten, ate irekien bi saio antolatu dira martxoan zehar. Lehenengo saioa euskaraz izango da martxoaren 12an, ostegunarekin, arratsaldeko 16:00etan, eta bigarrena gaztelaniaz egingo da martxoaren 17an, asteartearekin, ordu berean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude