Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Irungo Udalaren lan-eremuko emakumeen eta gizonen arteko Berdintasun Plana onartu du indarrean dagoen agintaldirako. Udal langileen ordezkariekin negoziatu da aldez aurretik.
Aplikatzekoa den legezko araudiak ezartzen duenez, euskal administrazio publikoak behartuta daude tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzera lan-eremuan. Helburu horrekin, neurriak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazio mota oro saihesteko. Neurri horien artean dago, besteak beste, enplegu publikoan tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzearen arloan lortu beharreko helburuak ezarriko dituen plan bat onartzeko beharra, bai eta hori lortzeko hartu beharreko estrategiak edo neurriak ere.
Plangintza-tresna hori onartuta, Irungo Udalak aurrera egin du bere erakundearen barruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzearen aldeko apustuan, eta aipatutako lege-agindua betetzen duen inguruko lehen toki-administrazioetako bat da.
Ildo horretan, Irungo Udaleko Giza Baliabideen ordezkari den Sergio Javierrek hurrengoa adierazi du: “Berdintasunaren arloan aurrerapauso handia eman dugu gaur. Irun hiri aitzindaria da udaleko langileentzako Berdintasun Plana onartzen Euskal Autonomia Erkidego mailan. Neurri honen bitartez, Irungo Udalean giza baliabideak kudeatzeko egiten diren prozesu guztietan tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa bermatzeko dugun konpromisoa berresten da”.
Berdintasun Planaren nondik norakoak
Onartutako planak zehazten ditu udaleko enplegu publikoaren eremuan iraun dezaketen sexuagatiko bereizkeria mota guztiak ezabatzeko lehentasunezko helburuak eta ekintzak, langile guztien arteko aukera-berdintasun osoa eta eraginkorra lortzeko.
Aurrekoaren arabera, Plan horrek kultura- eta antolaketa-aldaketa bat lortu nahi du, udal-langileen arteko berdintasun-printzipioaren defentsa eta aplikazio eraginkorra sustatzeko, lan-eremuan maila guztietan sartzeko eta lanbide-garapenerako aukera berdinak bermatuz, lan-antolamendurako modu berriak sartzea bultzatuz, emakumeak zuzendaritza-postuetara eta erantzukizun handiagora iristeko aukerak sustatuz eta hobetuz, administrazioaren barruan gerta daitezkeen desberdintasunak eta desorekak murrizten lagunduz eta genero-ikuspegia txertatuz Irungo Udalaren giza baliabideen kudeaketa integralean.
Helburu horiek lortze aldera, Plana zortzi jarduera-ildo estrategikotan egituratzen da: enplegu publikora iristeko aukerak, karrera profesionalaren garapena, erantzukidetasunerako eta bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzea, berdintasunaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazioa, edo udal-erakundean sexu-jazarpena edo generoagatiko jazarpena sor daitekeen praktika oro benetan desagerrarazteko baldintzak ezartzea, besteak beste.



