Irungo kaleak kirolariek gainditu beharreko oztopoz beteko dira

Irungo kaleak kirolariek gainditu beharrezko oztopoz beteko dira. Apirilaren 7an, Denontzat Race 2024 oztopo-lasterketa egingo da Irunen, Denontzat gimnasioak eta Irungo Udalak antolatuta. Martxoaren 24an, berriz, Igande Sasoi programa Colón pasealekura itzuliko da, familiek zein kirolari lehiakorrenek gozatzeko kirol-proposamenekin.

Borja Olazabal kirol ordezkariaren hitzetan, oztopo-lasterketek nork bere burua gainditzea sustatzen dute, baita adiskidetasuna eta kiroltasuna ere. Olazabalek azaldu duenez, “kirolaren funtsezko balioak dira, eta Irunen bi aldiz izango dugu aukera horiek praktikara eramateko, oso modu desberdinetan, gainera”. Familientzako proposamen dibertigarri bat izango da batetik eta, aldi berean, hitzordu garrantzitsua izango da oztopo-lehiaketen alorrean, Europako eta Munduko Txapelketetarako sailkatzeko proba bat ere izango baita. “Irunen goi mailako kirol ekitaldiak izatearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, eta proba hau da horren seinale, beste batzuekin batera”, aipatu du Kirol ordezkariak. Borja Olazabalen ustetan Irungo herritarrek galdu ezinezko proba ikusgarria izango da.

Igande sasoi

Martxoaren 24an, Igande Sasoi ekimenaren beste edizio bat egingo da. Apirilaren 7an egitekoa den oztopo-lasterketaren aurrekari gisa, kirol-proposamen interesgarri bat antolatuko da. Denontzat gimnasioak (lasterketaren antolatzailea, Irungo Udalarekin batera) oztopo batzuk instalatuko ditu Zabaltza plazan goizeko 11:00etatik 13:00etara, oztopo-lasterketa bat modu ludikoan imitatzeko. Horrela, adin guztietako pertsonek oztopo horiek gainditu ditzakete, eta familian ederki pasatzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, irungo txikiek eskola barruan ere izango dute oztopo-lasterketetaz gozatzeko aukera, aste santuaren aurretik eskola-kirola ekimenaren baitan modalitate hori hurbilduko baitzaie programan parte hartzen duten gazteei.

Denontzat Race 2024 lasterketa handia

Apirilaren 7an, Denontzat Race 2024 oztopo-lasterketa egingo da Irunen, Denontzat gimnasioak eta Irungo Udalak antolatuta. Guztiontzat diseinatutako oztopo-lasterketa bat da, eta esparru ezin hobea eskaintzen du garapen pertsonala lantzeko. Adina eta egoera edozein dela ere, hainbat balio lantzeko aukera izaten dute parte-hartzaileek, hala nola borondatea, ahalegina, lana eta ilusioa, eta inklusibitatea, berdintasuna eta osasuna azpimarratzen dira.

Irteera eta helmuga San Juan plazan egongo dira, eta 10:00etan hasiko da ekitaldia. Amaitzeko orduari dagokionez 15:00ak inguruan izango dela kalkulatzen da.

Hau da lasterketaren dinamika:

Irteeren ordutegia: 10:00 Txanda herrikoiaren irteera; 11:00 Elitezko gizonezko lehiakideen txandaren irteera; 11:10 Elitezko emakumezko lehiakideen eta adin-taldeen irteera; 11:20 Elitezko gizonezko lehiakideen adin-taldeen txandaren irteera. Aukera badago, haurrentzako txanda bat ere antolatuko da, 13:30etan irtenda.

Hiru ibilbide planteatzen dira, mailaren arabera: bide urdina, 3 km, txikienentzat pentsatua; bide laranja, urdinarekin batera, txanda herrikoirako eta adin-taldeentzat; eta, azkenik, 12 km-ko bide bat, hirurak bateratuta, txanda lehiakorrentzat.

Hiru ibilbideetan, parte-hartzaileek askotariko oztopoak gainditu beharko dituzte, hala nola hondar-zakuak, labirintoak, soka bertikalak, hormak, rokodromoak edo oreka mantentzeko erronkak, besteak beste. Txanda lehiakorrerako berrogeita hamar bat oztopo instalatuko dira.

Igoera Espainiako lehen ligara

Proba hau OCR serieen parte da, Espainia mailako liga gorena, hain zuzen.  Zortzi zirkuitu baino ez daude maila horretan, herrialde osoan. Ocra Espainiak ezarritako baldintza guztiak aise beteta, Irungo azken Denontzat Racek lortu zuen maila goren horretara igotzea.

Lasterketa hauek herrialdeko kirolari finenak erakartzen ditu, haien bidez Europako txapelketetara sailkatzeko aukera dago eta. Aurten, maila igoerari eta egutegi aproposari esker, Costa Rican egitekoa den 2024ko Munduko txapelketara sailkatzeko aukera ere emango du.

Irunen Espainiako Txapelketaren egoitza izan nahi du 2025ean. Horretarako, apirilaren 7an egingo den Denontzat Racek zenbait baldintza bete behar ditu, eta ahalik eta ekitaldirik onena antolatu behar da, arrastoa uzteko eta etorkizuneko edizioetan gehiago hazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude