Gaur aurkeztu da Irungo urteko kirol hitzordu nagusiaren data: otsailaren 19an, asteazkenean. Ficobako auditoriumak Irungo Kirola Gala hartuko du arratsaldeko 19:39etik aurrera. Ekitaldiaren aurkezpenean parte hartu dute, Kirol Arloko Borja Olazabal ordezkariak, Asier Landart 2022ko Irundarron Saiaren irabazlea eta Patrick Laquecherekin sari horretarako aurtengo hautagaietako bat da.
Irungo Kirol Galan Irungo Udalak hiriko kirolarien eta kirol taldeen aurreko urteko lorpenak, ahalegina eta dedikazioa errekonozitzen ditu urtero, eta honako hauek saritzen ditu: emakumezko kirolaririk onena, gizonezko kirolaririk onena eta kirol talderik onena. Gainera, herritarrek Irundarron Sariaren irabazlea aukeratzen dute.
Sariez harago, Olazabalek ekimenaren “ikuspegi zabala” aipatu du, kirol munduan lan egiten duten profesional guztien ekarpena nabarmentzen baitu: “Urtero bezala, nola edo hala kirol munduan parte hartzen duten guztien lan itzela saritu nahi dugu. Gala honetan, pentsatzekoa denez, goi mailako kirolariez hitz egitea gustatzen zaigu, baina kirolari askoz ere ikuspegi zabalagotik begiratzea atsegin dugu, beste edizio batzuetan frogatu izan dugunez, besteak beste epaileen lana, kirol psikologoena eta talde berrien sustapena ere ezagutzen baititugu”.
Kirol egokitua erakusketara
Aurtengo kirol gala, topaketa bat izateaz gainera, kirol egokitua ikusarazteko erakusketa hartuko du. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak kirol egokituari buruzko argazki erakusketa bat antolatu du, desgaitasunen bat duten kirolarien kemena irudiztatzeko, eta Ficobako hallean ikusi ahalko da galaren egunean bertan.
Udalak kirol eta kirolari mota guztien ikusgaitasuna areagotu nahi du, eta, horren adierazgarri, aurreko edizioetan, Genuine ligako Realeko futbolari irundarrak eta Txingudi Eskubaloia taldea aitortu izan ditu. Bada, aurten ere, kirol egokituak bere toki propioa izango du: erakusketa bat, “Gipuzkoan desgaitasunen bat duten kirolarien hobetu nahiari, borondateari eta pertseberantziari buruz hausnartzera gonbidatzen duena”, ordezkariak azpimarratu duenez.
Txokolatezko Baloia
Betikoez gain, aurten, bestelako sariak banatuko dira Galaren esparruan, hala nola Txokolatezko Baloia: ohorezko sari bat, hiriko kirol munduan ibilbide luzea egin duten pertsonak omentzea duena helburu.
Olazabalek ohartarazi duenez, Irundarron Sariarekin batera, Txokolatezko Baloia Irungo berezko sarietako bat da, eta hiriko kirol munduan historikoak izan direnei ematen die protagonismoa: “Bere historian, Irunek kirol munduko pertsona asko eman ditu, eta gustatzen zaigu sari honen bidez inor ahazten ez dugula frogatzea; sari nostalgiko bat da, nolabait. Lorpenak bere garaian ospatzen dira, baina gogoan izan behar ditugu, eta horixe da, hain zuzen ere, Txokolatezko Baloiaren helburuetako bat: gure kirolariek historian eman digutena gogora ekartzea”, adierazi du ordezkariak.
2022an, lehenengo edizioan, Leire Landa futbolari ohiak jaso zuen, Espainiako futbolean lortutako arrakastarengatik; 2023an, Leontxo García xakean espezializatutako kazetariak, xakea dibulgatzeko egindako ekarpen oparoagatik; eta, iaz, Bixio Gorriz futbolariak, bere ibilbidearen bikaintasunagatik eta, bereziki, Realak bere historian Ligan irabazi dituen bi txapelketa bakarrak (1980-1981 eta 1981-1982 denboraldietakoak) lortzen esku hartzeagatik.
Irundarron Saria
Gaur bertan hasiko da, 12:00etan, Irundarron Sariaren irabazlea bozkatzeko epea. Interesdunek Udalaren webgunean bozkatu ahalko dute, otsailaren 17ra arte, Irun Txartela erabiliz.
Hona hemen hautagaiak:
- Bidasoa Irun (eskubaloia): Asobal Ligako txapeldunordea
- Naroa Zubimendi (arrauna): 23 urtetik azpikoen munduko txapeldunordea lemazain gabeko bikoan
- Irune Muguruza (atletismoa): 23 urtetik azpikoen 400 metroko hesi lasterketako Espainiako txapelduna eta Euskadiko errekor absolutuduna
- Haimar Etxeberria (txirrindularitza): Profesionaletan debutatu berria eta Bidasoa Itzuliko etapa baten irabazlea, besteak beste
- Bidasoa XXI (igeriketa): Emakumezkoetan eta gizonezkoetan Ohorezko Mailara igo berria
- Alberto Domingo (motoziklismoa): Raid rallyetako parte hartzailea eta Baja Aragón txapelketako finisher-a
- BAT Girls (atletismoa): Ohorezko Mailako zortzigarrena
- Paula Vicente (borroka): Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketako irabazlea eta Ne Waza Txapelketako hirugarrena
- Alba Rodríguez (borroka): Espainiako Grappling Txapelketako irabazlea kimonorik gabe eta hirugarrena kimonoarekin
- Paula Santamaría (borroka): Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketako eta Ne Waza Txapelketako bigarrena
- Ángela Rodríguez eta Iker Martínez (mahai tenisa): Espainiako Binakako Txapelketa Mistoko hirugarrenak
- Leka Enea (mahai tenisa): Errege Kopako semifinalistak
- Uxue Arsuaga, Maialen Arsuaga, Nerea García eta Carla Corral (piraguismoa): Espainiako K4 500 modalitateko txapeldunak
- Pepe Diz (atletismoa): Maratoi zirkuituko sei major-ak egin dituen lehenengo irundarra
- Santiagotarrak (arrauna-piraguismoa): Espainian eta nazioartean emaitza bikainak lortua
- Patrick Laqueche (OCR): Taldekako Munduko OCR Txapelketako irabazlea
- Ander Gamón (automobilismoa): Espainiako Abiadura Txapelketako irabazlea
- Mariño Real Unión (futbola): Euskal Ligara igo berria
- Chrystian Ribeiro (MMA): Profesionaletan debutatu berria eta bi borrokalditatik bi irabazia.
- Borja Estomba (triatloia): Iron-Man Mundialean parte hartu izana.



