Irungo KZ Guneei esker, prestakuntza guztion eskura dago

  • Hezitzaileak zure eskura
  • Ikastaro eskaintza zabala
  • Esperientzian oinarritutako metodologia

KZgunea IKTetan trebatzeko zentroen sare publikoa da, 2001. urtean sortua. Irunen bi dira: bat Pio XII plazan eta bestea Irungo liburutegiko CBAko gela batean. Aurrez aurreko eta urruneko formakuntzak eskaintzen dituzte, 11 kategoriatan banatuta, oinarrizko formakuntzatik hasi eta programazio eta garapeneraino.  Guztira 100 ikastaro baino gehiago eskaintzen dira, iraupen desberdinekoak eta hilero planifikatuak. José Mari Ugarte eta Diego Fernandez zerbitzuko hezitzaileek zerbitzuaren funtzionamendua azaldu dute.

Teknologia berriei buruzko prestakuntza eskaintzen duzue, gaur egun oso beharrezkoa, ezta?

Bai, batez ere azken hamarkadetan. Euskal gizartearen kasuan, orokorrean oraindik zibersegurtasunaren inguruan gehiago ikasi behar da, baita eduki faltsuen inguruan. Izan ere, mehatxu berriak sortu dira azken urteotan Interneten erabileraren hazkundeagatik. Gainera, batez ere 50 urtetik gorako pertsonak atzean geratu dira teknologietan, eta gaur egun kosta egiten zaie tramiteak egitea, informazioa bilatzea edota beraien ingurukoekin kontaktuan mantentzea. Inor atzean ez geratzea da gure helburua.

Nork parte hartu dezake KZgunean antolatutako ikastaroetan?

KZguneko formakuntzak edonori zuzenduta daude. Beraz, teknologien gaineko ezagutzak eskuratu nahi dituen edonor da ongi etorria KZgunera. Beharrezkoa den gauza bakarra da 14 urte baino gehiago izatea eta, ikastaro batzuetarako, telefonoa edo tableta izatea. Gainera, KZguneko zerbitzu guztiak doakoak dira.

Zein multzotan antolatzen dituzue ikastaroak?

5 modalitate ditugu: aurrez aurreko formakuntza, urruneko formakuntza, aurrez aurreko hitzaldiak, zuzeneko hitzaldiak eta bideokonferentzia bidezko ikastaroak. Aurrez aurreko formakuntza da KZgunean gehien eskatzen denetako bat. Urruneko formakuntzak, E-Learning plataforma baten bidez ematen dira, eduki guztiekin, eta hezitzaileekin eta gainerako erabiltzaileekin hitz egin daiteke. Bestalde, bideokonferentzia bidezko ikastaroak online egiten dira eta 4 orduko iraupena dute, 2 egunetan banatuta. KZgunearen hitzaldiak ezin hobeak dira zerbait berria azkar eta modu entretenigarrian ikasteko. Prestakuntza guztiak hilero planifikatzen dira, gaiz aldatuz, identifikatzen ditugun beharrei erantzunez.

Zeintzuk dira orain gehien eskatzen diren ikastaroak?

Hauek dira Irungo KZguneetan orain gehien eskatzen diren ikastaroak:  Mekanografia, Oinarrizko Internet; Ikasi nabigatzen eta mezu elektronikoak bidaltzen, Tresna ofimatikoak, Smartphoneak eta tabletak; Ikasi zure Android gailua erabiltzen, Google aplikazioak zure Smartphonean eta Adimen artifiziala.

Beraz, ikasleen premietara egokitzen zarete, ezta?

Hori da. Batez ere pandemiaren ostean, urruneko formakuntzaren gaia gehiago jorratu genuen. Zuzeneko hitzaldiak sortu genituen, honela, astero, gure erabiltzaileak informazio dosiak jaso zitzaketen.  Youtubeko kanalean, KZguneaTIC izenekoan, daude guzti-guztiak, beraz, edonoiz ikus daitezke. Hala ere, gure aurrez aurreko zerbitzu gisa oso baloratuta dago KZgunea, ikasleentzat hezitzaile bat alboan izateak asko errazten baitu ikaskuntza-prozesua, batez ere teknologietan oraindik oso trebeak ez direnentzat.

Zer egin behar da ikastaroetan izena emateko?

Hiru modu daude. Edozein KZgunera joan daiteke inskripzioa egiteko, ahal dela hitzorduarekin, edozein KZgunera telefonoz dei daiteke edo kzgunea.eus webgunean ere izena eman daiteke edozein formakuntzan, “hurrengo ikastaroak” atalean.

Bestelako zerbitzuak ere kudeatzen dituzue: IT Txartela, BakQ eta Metaposta, ezta?

Gure helburua eten digitala gainditzea denez, tramiteak egiterako momentuan laguntza eskaintzen dugu. Alde batetik, IT Txartela, Informazioaren Teknologietan funtsezko gaitasunak egiaztatzeko sistemako probak egiten ditugu. Bestalde, Metapostan alta emateko prozesua egin daiteke, hau da, onlineko kutxa gotorraren eta postontziaren doako zerbitzuan. BakQ ere tramitatzen dugu, identifikazio elektronikoko bitartekoa, aukera ematen duena online bidez tramiteak egiteko EAEko administrazioetako zerbitzu batzuetan, ordenagailuan edo norberaren gailuan softwarerik instalatu beharrik gabe. Zerbitzu horiek erabili ahal izateko beharrezkoa da aurretiko hitzordua eskatzea.

Horretaz gain, garrantzitsua izango da, noski, ikasleen premiak eta beharrak entzutea.

Bai, gizartearen aldaketei erreparatzea funtsezkoa da KZgunea eraginkorra izateko. Horregatik, fokusak antolatzen dira ikasleen iradokizunak jasotzeko, eta hezitzaileak ikastaroetan beti daude adi ikasleen beharrak identifikatzeko. Izan ere, KZgunean beti ari dira ikastaroak eguneratzen eta berriak sortzen. Gainera, tutoretzen zerbitzuaren bidez erabiltzaileek zer-nolako beharrak dituzten ikusten da.

Ikastaroak doakoak dira, eta beraz, askoz erakargarriagoak. Hala al da?

Espero dugu baietz! Doakoak izatea abantaila handia da bakoitzak nahi duen ikastaro kopurua egin ahal izateko. Askotan ikasleak programatzen diren aurrez aurreko ikastaro guztietara joaten dira, ikasteaz gain, hitz egiteko eta komunikatzeko espazioa delako. Askok esaten digute hezitzaileekin eta ikasleekin hitz egitea dela parterik onena, ikasteaz gain, noski!

Horrela, ikastaroen eskaintza hilero berritzen duzue. Non kontsultatu daitezke?

KZguneko webgunean ikus daitezke planifikatuta dauden ikastaro guztiak “hurrengo ikastaroak” atalean. Bertan, KZgune zentro jakin baten filtroa jar daiteke, edo zentro guztiak begiratu. Halaber, KZguneetan beti hileko programazioa dago ikusgai, eta hilero ere mezu elektroniko bidezko boletina bidaltzen dugu komunikazioak jasotzeko adostasuna adierazi duten guztientzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude