Irungo Udalak 2026an zehar hiriko uso populazioaren errolda egitea enkargatu du

Irungo Udalak Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako Arloaren bidez jakinarazi duenez, hiriko uso populazioen beste errolda bat egingo du. SEO/BirdLife enpresa da kontratuaren esleipenduna, eta 2026an egingo ditu lanak, enpresa berak 2015ean egindako erroldan oinarrituz.

Errolda berriaren helburua Irungo uso populazioak identifikatzea eta haien dentsitatea kalkulatzea da, baita zenbaterainoko eragozpenak sor ditzaketen estimatzea ere, eta, behin azterketa eginda, beharrezkoa irizten bazaio, uso populazioak kontrolatzeko neurriak hartuko dira.

Hirietan uso asko badaude, litekeena da kaleko altzari batzuk hondatzea eta leku delikatuetan kutsadura sortzea.

Erroldaren antolaketa

Urtarril eta otsailean, errolda planifikatu eta diseinatuko da. Aurreikuspenen arabera, hamabi laginketa saio egingo dira, 2026ko martxotik ekainera bitartean, eta, horretarako, 50 metroko erradioa duten hiri osoko 69 estazio lokalizatu dira. Azkenik, urrian, informazioaren azterketa burutuko da, eta, gero, txostena idatzi.

Ekintza hau animalien ongizateari buruzko ordenantza berriaren esparruan Segurtasun eta Herritarren Bizikidetzaren arloa egiten ari den lan berriaren barruan kokatzen da. Horrela, beste kanpaina batzuekin bat egiten du, hala nola arau horren hainbat alderdiri buruzko informazio-kanpainekin (kalean elikatzeko debekua, txakur solteak, etab.).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude