Irungo Udalak “EKICC” programa sortu du bertako kultur proiektuak sustatzeko

Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak EKICC sortu du, kulturgintzako eta sorkuntza industriako profesionalak eta enpresa txikiak babesteko programa bat, bertako kultur proiektuak sustatzeko. Egitasmo honen bidez kulturgintzako eta sorkuntza industriako profesionalak eta enpresa txikiak babestea bilatzen da. Udalak egitasmo honen berri eman du CBA kultura eta sorkuntza zentro berria irailaren 11n inauguratzeko hilabete baino gutxiago falta denean.

Ekimenaren izena, EKICC, “ekin” hitzaren eta ICC akronimoaren (industria kulturalen eta sorkuntza industrien gaztelaniazko siglen) batura da. Ekimenaren helburua da kudeaketaren, berrikuntzaren, komunikazioaren, digitalizazioaren eta finantzaketaren esparruan beren proiektuak aurrera ateratzeko oinarrizko gaitasunez jabetzen laguntzea parte hartzaileei.

Bost saiok osatuko dute programa, irailetik azarora bitartean. Lehenengoa, informazio saio bat izango da, irailaren 23an izango dena. Bigarrena negozio ereduei buruzkoa izango da, urriaren 14an; hirugarrena, komunikazio gaiei buruzkoa, urriaren 30ean; laugarrena, digitalizazioari eta adimen artifizialari buruzkoa, urriaren 28an; eta bosgarrena, finantzaketari buruzkoa, azaroaren 4an. Gainera, azaroaren 11n, programari bukaera emateko saio bat izango da.

Besteak beste, honako hauek zuzenduko dituzte saioak: sorkuntzan eta berrikuntzan aditu Juan Pastor Bustamantek, kultur arloko komunikazioan aditu Nerea Kortabitartek, digitalizazioan eta adimen artifizialean aditu Oihane Pardok eta kultur proiektuen finantzaketan aditu Miriam Mirandak.

Bertako kulturarentzako bilgunea

Parte hartzeko interesa dutenek abuztuaren 13tik aurrera eman dezakete izena, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, toki guztiak betetzen diren arte

Ekimen honen xedea, martxan dauden beste programa askorena bezala, Irungo ekosistema sortzailea sendotzea da, CBA kultura sortzeko erreferentziazko gune gisa finkatzea, eta prestakuntza, tutoretza eta laguntza programen bidez bertako kultur proiektuak sustatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude