Irungo Udaleko talde guztietako bozeramaileek osatutako ordezkaritza bat Bartzeonan izan da bertako hiri-barruti berritzailearen diseinua ezagutzeko. Jaume Collboni Bartzelonako alkateak harrera egin die, bi hirien arteko lankidetza-aukerak eta hiri-berrikuntzako proiektuak aztertzeko.
Zehazki, ordezkaritzan parte hartu dute Irungo Udaleko talde guztien bozeramaileak: Nuria Alzaga (PSE-EE), Gorka Álvarez (EAJ-PNV), Oihana Briones (EH Bildu), David Nuño (Elkarrekin Irun) eta Iñigo Manrique (PP).
Bartzelonako alkateak eta Laia Bonet alkateordeak (Bartzelonako Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa, Hiri Zerbitzuak eta Etxebizitza arloko alkateorde ere bada) egin diete harrera Irungo ordezkaritzari, eta, haiekin batera, María Buhigas arkitekto buruak eta Oriol Altisench ingeniari buruak. Udaleko talde politikoetako bozeramaileak Cristina Laborda alkatea buru duen misio horren parte dira, eta bertan daude Sergio Javier Hirigintzako ordezkaria, Eva Fernández Bidasoa Bizirikeko zuzendaria eta Ane Unanue, Zaisako kontseilari gisa, sozietate hori izango baita Via Irun barruti berriaren eragile urbanizatzailea.
Misioaren helburu nagusia da Kataluniako hiriburuan lurralde- eta enpresa-garapeneko erreferente gisa martxan jarritako hainbat ekimen ezagutzea, hiri-berrikuntzako barrutien ereduetan arreta jarriz. Helburua da hiri-berroneratzearen, berrikuntza ekonomikoaren eta espezializazio teknologikoaren arloko jardunbide egokietatik ikastea. Ikuspegi hori bat dator Vía Irun-Hiria Gara proiektuaren helburuekin. Proiektu horren asmoa da Irunen hiri-berrikuntzako barruti bat garatzea, jarduera ekonomiko berritzailea sustatuz eta funtsezko eremuetan —hala nola azpiegitura intermodaletan— lankidetza-aukerak identifikatuz.
Collboni alkateak hiri-eraldaketa honek irudikatzen duen ‘sekulako aukera’ ikustarazi nahi izan dio irundar ordezkaritzari, enpresa- eta elkartze-sareekin sortu beharreko hitzarmen anitzak azpimarratuz. Formula hau, adierazi duen bezala, Bartzelonako berrikuntzan konstante bat da, eta beti joan behar du hiri-ikuspuntu baten parean, ez bakarrik etxebizitza aintzat hartzen duena, baizik eta ekipamenduak ere.
Josep M. Pique hiri-ingurune berritzaileetan aditua denak esku-hartze publikoa egin zuen joan den apirilean, eta horren esparruan egin da bisita. Orduko hartan, berrogeita hamar eragile inguruk parte hartu zuten, eta bat dator Via Irun proiektuak hiri-eraldaketarako ekimen gisa bultzatzen duen kolaborazio publiko-pribatuaren bokazioarekin.
Bere hitzaldian, Piquék Bartzelona aipatu zuen hiri-berrikuntzan eta birsorkuntza ekonomikoan erreferente gisa finkatzea lortu duen hiriaren adibide gisa. Bereziki nabarmendu zen 22@ barrutia, ezagutzan eta teknologian oinarritutako ekosistema sortzera bideratutako eraldatze-eredu giltzarria den aldetik. Hiriak duen azpiegitura intermodal sendoak, jasangarritasunaren alde egindako apustuak eta sektore estrategikoei (IKTak eta bioteknologia, besteak beste) emandako bultzadak berrikuntzaren Europako hub bihurtu dute Bartzelona.
Vía Irun hiri-barruti berritzailea
Aduana zena Vía Irun eremuko hiri-barruti berritzailea (Hub) eratzeko estrategiaren muina bihurtuko da, zeren berrikuntza, kohesio ekonomiko eta soziala, eta eraldaketa digital eta ekologikoa sustatzeko premisei jarraikiz diseinatuko baita.
Hiri-barruti berritzaile baten motor publikoa izango da ekipamendu hori, eta inguru osoa berroneratzen lagunduko duela espero da; izan ere, jardun ekonomikorako, 34.850 metro karratu izango ditu; etxebizitza libre eta sozialetarako, 25.400 metro karratu, eta parkeetarako, 25.000 metro karratu baino gehiago.



